Alicia Moreno 20 urteko abeslaria, eta Ibon Larrañaga, Dario Campos eta Dani Ortega musikariak dira Alice & The Blackfeet. Orain urtebetetik, gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen laukotean dihardute.
Alicia Moreno 20 urteko abeslaria, eta Ibon Larrañaga, Dario Campos eta Dani Ortega musikariak dira Alice & The Blackfeet. Orain urtebetetik, gaztetasuna eta esperientzia uztartzen dituen laukotean dihardute. Hainbat kontzertu dituzte udarako lotuta, eta lehenengo diskoa grabatzeko ere aprobetxatu gura dutela udan esan digute. Aliciagaz eta Ibonegaz batu gara Rock Izar eskolako euren lokalean.Rock Izar eskolaren inguruan sortutako taldea zarete.
Alicia: Bai, Rock Izar eskolako ikasle edo irakasleak gara laurok: Dario eta Ibon irakasleak, eta Dani eta biok ikasleak.
Zelan sortu zenuten taldea?
Ibon: Aliciaren inguruan sortutako taldea dela esan daiteke. Aliciaren dohainak ikusi, taldea sortzea proposatu eta musikariok bere inguruan batuta sortu genuen taldea, iaz. Bion artean hasi ginen abestiak prestatzen.
Ibon, zer berezitasun ikusi zenion Aliciari bere inguruan taldea sortzea proposatzeko?
Lehenago ere Rock Izar eskolako ikasleen diskoak editatu izan ditugu (Malo, Mongo...). Zeozer interesgarria egiten dutela uste dugun ikasleei proposatu egiten dizkiegu proiektuak. Zeozer interesgarria edo berezia ikusten badugu, bultzatu eta laguntzea da gure ideia. Baina beharbada, bai, hau da lehenengo aldia ikasle baten inguruan talde bat sortzen dugula. Eskolan badago oso ondo abesten edo teknika handia duen jendea, baina Aliciaren kasua da harrapatu egiten zaituen zeozer berezia duena. Hain justu ere, horixe da topatzen gaitzen egiten dena, berezko zera hori.
Beste talde batzuetan ibili zaretenon esperientzia eta Aliciaren freskotasuna uztartzen dituzue.
Alicia: Bai, talde bategaz jarduten dudan lehenengo aldia da hau niretzat, orain arte beti nire kontura aritu naiz. Niretzako dena da berria, eta benetan oso gustura nabil.
Zelan sortzen dituzue kantak?
Ibon: Hasierako ideia eta konposizioa Aliciarena edo nirea izaten da, eta denon artean moldatzen dugu lokalean gero. Taldeko bakoitzak bere aletxoa ipintzen du, eta denon artean egiten ditugu konponketa guztiak.
Kontzertu batzuk eman dituzue dagoeneko. Zelako sentsazioak utzi dizkizuete estreinako zuzenekoek?
Alicia: Lau kontzertu eskaini ditugu, eta uztaila eta abuzturako ere badauzkagu batzuk lotuta. Oso gustura gaude orain arteko emaitzagaz; kontzertutik kontzertura igartzen dugu hobekuntza. Jendea gustura egon da, eta kontzertu txikiak izan diren arren, pozik gaude egindakoagaz; akustikoan jo ditugu hiru, eta elektrikoan bat.
Ibon: Musikari gehienoi aldrebes gertatzen zaigun arren, entseguetan baino hobeto egiten du Aliciak kontzertuetan; hasi egiten da zuzenekoetan.
Kontzertuak eskaintzeko ez eze, diskoa grabatzeko ere aprobetxatu gura duzue uda...
Ibon: Bai, dauzkagun kantak grabatu eta urrian aurkeztea da asmoa. Orain arte presa barik jardun dugu, baina unea ailegatu den sentsazioa daukagu. Diskorako kanta nahikoa daukagu, eta grabatu egin gura ditugu.
Berbak ingelesez idazten dituzue. Elkarregaz egiten dituzue?
Alicia: Batzuetan bai, baina bakarka egindakoak ere badaude. Ingelesez kantatzea, entzun izan dudan musika beti ingelesez izan delako izan daiteke... Naturalen egiten zaidana da.
Ibon: Gainera, ingeles literatura ikasten dabilenez Alicia, jakin badaki zer esaten dabilen, eta igarri egiten da hori ere.
Kantetako letrak zeren inguruan osatzen dituzue?
Ibon: Batzuek esanahi zehatzik ez daukate, eta sentsazio edo bizipen bati buruzkoak izaten dira beste batzuk. Elkarrengandik oso ezberdinak garen arren, idazterakoan antzeko estiloa daukagu: normalean kantak ez dira gauza zehatz bati buruzkoak; uneei eta esperientziei buruzkoak izaten dira, ez dira istorio oso konkretuak.
Alicia: Maitasunari buruzkoak dira letra asko, baina badaude gai politikoei buruzkoak ere.
Zer erreferentzia edo eragin dauzka zuen musika?
Alicia: Ez dakit... baina, Janis Joplin eta The Cramberries oso gustuko ditut, esaterako.
Ibon: Musikari bakoitzaren gustuaren arabera, gure kantek ere soul, rock klasiko, pop-indie, flamenko edo metal ikutua dute. Oso aberasgarria da hori.