Ia 1.000 bisitari izan ditu Kurutzesantu museoak ekainean

Anboto 2010ko uzt. 15a, 12:48

Ekainaren 10etik, Durangoko Kurutzesantu Museoa inauguratu zenetik, 895 bisitari hartu ditu.

Ekainaren 10etik, Durangoko Kurutzesantu Museoa inauguratu zenetik, 895 bisitari hartu ditu. Durangoko Udaletik bidalitako prentsa oharrean \"bisitari denetatik 881 durangarrak izan direla\" azpimarratu dute; 12 EAEko beste leku batzuetatik etorritakoak; bisitari bat EAEtik kanpokoa eta beste bat atzerrikoa. 425 helduak izan dira, 269 nagusiak, 104 gazteak eta 97 umeak. Bestalde, \"inaugurazio egunaz gainera, jende gehien egon zen eguna ekainaren 13an izan zen, hau da, Kanthoria kontzertua egon zen egunean\". Ondorio moduan diote, \"formatu txikiko kontzertuak bertan egiteko ekitaldi aproposak izan ahal direla\". Datuok ekainaren 10etik 30era bitartean jasotakoak direla eta museoa barikutik domekara egoten dela zabalik kontuan hartuta, \"gobernu taldeak balantze oso positiboa egin du, eta uste du museoa Durangoko ondarearen elementu garrantzitsuenetako bilakatzeaz gainera, herrira turistak erakartzeko ere izango dela\". Museoan Kurutziagako gurutzeari, ermitari eta Berakruz kofradiari buruzko informazio asko bilduta dago. Uda dela eta, honako ordutegia izango du: bariku eta zapatuetan 18:30etik 20:30era eta domeketan 12:00etatik 14:00etara.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!