Aurreko diskoetakoa baino mezu baikorragoagaz datorkigu Alerta

Anboto 2010ko uzt. 3a, 08:00

\'Siempre más fuertes\' izena dauka Durangaldeko musikariek osatzen duten Alerta boskoteak kaleratu duen hirugarren diskoak.

\'Siempre más fuertes\' izena dauka Durangaldeko musikariek osatzen duten Alerta boskoteak kaleratu duen hirugarren diskoak. Elkarrizketara batu zaizkigun Jabi abeslaria eta Alain bateriaz gainera, Beny, Sesi eta Txitxi dira Alerta. Irailean ekin gura diote diskoko zazpi kantak aurkezteko birari. Hardcore musikan espezializatuta dagoen Fragment disketxeagaz kaleratu dituzte diskoko mila ale. Zelan joan da grabazioa? Bateria eta bajua hemen, lokalean grabatu genituen, eta ondoren joan ginen Berrizko Estoldetan estudiora. Jon Olabarriaga teknikariagaz grabatu genituen ahotsak eta gitarrak. Urtebetean jardun dugu grabazioa egiten. Hirugarren lana duzue hau... Bai, bi diska plazaratu ditugu aurretik; 1999an lehenengoa, eta 2004an Devhil izenekoa izan zen bigarrena. Hamabi urteotan hasierako taldekideek diharduzue? Orain urte batzuk izan genuen taldekide aldaketa bat: lan kontuak zirela-eta taldea utzi zuen baxu-jotzaileak. Urte asko daroagu orain gaudenok elkarregaz. Denboraldi batean, skracht-ak egiten zituen lagun bat ere etorri zen kontzertu batzuetara. Zein da hainbeste urte elkarregaz jarraitzeko sekretua? Egia esan, ez da oso ohikoa izaten hainbeste urtez elkarregaz jarraitzea. Taldeak bere estiloan eboluzio nabarmena izan duen arren, beti izan gara berberak; zelanbait, taldekideok heldu ahala aldatzen joan da Alertan egiten dugun musika ere. Hamabi urtean hiru disko. Presa barik jarduten duzue? Bai, eta autoekoizpenaren bidetik joatearen arrazoietako bat da gure lan egiteko modu hori. Devhil diskorako, ahotsak izan ezik, beste guztia lokalean geuk grabatu eta ondoren Jon Olabarriagak nahastu zuen. Beste taldekide bat gehiago da Jon: grabazioak, nahasketak eta abar berak egiten dizkigu. Diskoa oraindik kalean egon barik hainbat kontzertu eskaini duzue udaberrian. Diskoari oraindik azken ukituak ematen genbiltzala ekin genion diskoko kantak zuzenean jotzeari, bai. Hamar bat kontzertu eskaini ditugu azken hileetan. Eta zelako sentsazioak izan dituzue zuzenekoetan? Oso gustura gaude kontzertuetan, adrenalina purua dira-eta zuzenekoak guretzako. Azken bi kontzertuak, batez ere, oso bereziak izan dira. Tabirako jaietan jo genuen joan zen asteburuan. Igarriko duzue hainbeste urte elkarregaz jotzen jardun eta gero segurtasun bat oholtzan, ezta? Bai, geroago eta gusturago sentitzen gara kontzertuetan. Zelan batu zineten orain hamabi urte Alerta sortzeko? Cicatriz taldearen bertsioak egiteko elkartu ginen hasieran. Metal asko entzuten genuen orduan, baina ez zen erraza jotzeko, eta horrela hasi ginen Cicatrizen kantak jotzen. Talde gehienak, zelanbait, leundu egiten dira adinagaz, baina gurea kontrako bidea izan da. Zertan igartzen duzue eboluzioa disko hau entzukeran? Gure kantak sortzen hasi ginenean bageneukan joera bat, noizean behin melodia bat sartzera \"behartzen\" gintuena; \"Sartu dezagun zer edo zer melodikoagoa, ze bestela entzuleak...\". Disko hau da aldaketaren erakusle: ateratzen zaigun bezain intentsoa, leundu gura bakoa da. Gero eta gehiago egiten dugu barrutik ateratzen zaiguna. Egiten duguna ez da batere zerebrala, urdailekoa da gehiago. \'Siempre más fuertes\' du izena? Bigarren diskoa, Devhil, pertsonen ahuldadeari buruzkoa zen gehiago; \"negartiagoa\" zelanbait. Siempre más fuertes honen mezua positiboagoa da. Zelakoa izan da disko berria prestatzeko lana? Nahiko zehatza izaten da Alertaren sorkuntza-lana: Beny gitarristak abiatzen ditu kantak, Jabik eta Alainek egiten dituzte konponketak, eta denok elkartuta lokalean fintzen ditugu. Ondoren idazten ditugu letrak. Ikusi dugu horixe dela gure lan egiteko modua. Eta disko honetako letrak? Disko honetarako Jabik idatzi du gehiago. Oso letra zuzenak dira, eta guk jarrera oso gogorra izan arren, azkeneko mezua beti da oso positiboa. Oso letra pertsonalak dira, inguratzen gaituenari buruzko gogoetak. Eta kontzertuak? Abuztuan ez dugu kontzerturik eskaintzen, oporrak hartzen ditugu . Jotzea oso gogoko dugu, zuzenekoetan disfrutatzen dugu gehien, baina argi daukagu zaletasun bat dela guretzat musika, eta lasai hartzen dugu.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!