Nazioartean sona handikoa den The Gra-ffitti Classics taldearen, lau musikari bertutetsuren eta antzezle handiren lana da programazioa zabalduko duena.
Andra Mariko elizpean izango da Uda Kalean Bizi jaialdiaren lehenengo emanaldia; eta uztailaren 30era arte dantza, musika eta ume zein helduentzako antzerkia eta zirkua eskainiko dituzte herriko hainbat txokotan, haizetara eta herritar guztientzako zabalik.
Bederatzi kultur emanaldi dakartza XI. Uda Kalean Bizi jaialdiak aurten. Domeka honetan da lehenengo ikuskizuna: nazioartean sona handikoa den The Gra-ffitti Classics taldearen, lau musikari bertutetsuren eta antzezle handiren lana da programazioa zabalduko duena.
Gaurkoaren ondoren, uztailean zehar dira emanaldiak. Musikari dagokionez, hiru dira uztaileko emanaldiak: Rock Izar eskolako jazzlari boskoteak, Elkano Browning Cream –Mikel Azpirozen hirukotea– eta La Lira de Cheste musika bandak joko dute.
Umeei zein helduei zuzenduta, antzerkia eta zirkua uztartzen dituen Malas Compañias taldearen Oilaskoetxea uztailaren 18an, Madrilgo Le Petit Cabaret taldearen Muchas noches y buenas gracias, uztailaren 10ean Ezkurdi plazara, eta Gasteizko Kolektivo Monstrenko taldearen umore absurdoaren erakusle den Tenemos que hablar ikuskizuna uztailaren 3an Tabirako parkera, dakartza Durangoko programazioak.
Azken urteetako ohiturari jarraituz, Kriskitin dantza taldeak antolatu duen Nazioarteko Folklore Jaialdiagaz emango dute programazioa amaitutzat: Dagestango dantza emanaldiagaz.
Dantza tradizionala oinarri hartu eta moldatuta sortu duen Soka ikuskizuna eskainiko du Kukai taldeak, bestalde, Ezkurdi plazan, uztailaren 23an Uda Kalean Biziren barruan.