Musika, zirkua, antzerkia eta dantza Durangoko txokoetara

Anboto 2010ko eka. 21a, 12:56

Domeka honetan, ekainaren 27an, Andra Mariko elizpean da Uda Kalean Bizi jaialdiaren lehenengo emanaldia Durangon; eta uztailaren 30era arte dantza, musika, eta ume zein helduentzako antzerkia eta zirkua eskainiko digute herriko txoko desberdinetan, haizetara, eta herritar guztientzako zabalik.

Domeka honetan, ekainaren 27an, Andra Mariko elizpean da Uda Kalean Bizi jaialdiaren lehenengo emanaldia Durangon; eta uztailaren 30era arte dantza, musika, eta ume zein helduentzako antzerkia eta zirkua eskainiko digute herriko txoko desberdinetan, haizetara, eta herritar guztientzako zabalik. Bederatzi kultur emanaldi dakartza XI. Uda Kalean Bizi jaialdiak aurten. Domeka honetako lehenengo ikuskizuna nabarmendu du ekimenaren aurkezpenean Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko programatzaileak: nazioartean sona handikoa den The Graffitti Classics taldearen, lau musikari bertutetsuren, baina baita lau antzezle handiren lana ere bada programazioa zabalduko duen 16 cuerdas con mucho ritmo. Edinburgoko jaialdian sariak jaso izan dituen proposamena. Domekakoaren ostean, uztailean zehar dira Uda Kalean Bizi jaialdiaren emanaldiak. Musikari dagokionez, hiru dira uztailean izango diren emanaldiak: Rock Izar eskolako jazzlari boskoteak joko du uztailaren 1ean, Etxezarreta parkean; Elkano Browning Cream Mikel Azpirozen hirukoteak, uztailaren 15ean leku berean; eta 60 musikarik osatzen duten La Lira de Cheste musika bandak uztailaren 29an, Andra Mariko elizpean. Umeei zein helduei zuzenduta, antzerkia eta zirkua uztartzen dituen Malas Compañias taldearen Oilaskoetxea ikuskizuna ekarriko dute uztailaren 18an; Madrileko Le Petit Cabaret taldearen publiko guztientzako Muchas noches y buenas gracias, uztailaren 10ean Ezkurdi plazara; eta Gasteizko Kolektibo Monstrenko taldearen umore absurdoaren erakusle den Tenemos que hablar, uztailaren 3an Tabirako parkera. Azken urteetako ohiturari jarraituz, Kriskitin dantza taldeak antolatu duen Nazioarteko folklore jaialdiagaz emango dute Uda Kalean Bizi programazioa amaitutzat: Dagestango Lezginka taldea gonbidatu dute uztailaren 30eko emanaldirako. Horren aurretik baina, Kukai dantza taldearen azken lana ere ikusteko aukera eskainiko digu jaialdiak: dantza tradizionala oinarri hartuta sortu duten Soka ikuskizuna, Ezkurdi plazan egingo dute, uztailaren 23an. Mari Jose Balier zinegotziak eta Arantza Arrazola programatzaileak eguraldi onagaz batera kultura antzokitik kalera ateratzeko helburua duen programaren aurtengo edizioa aurkezteko aipatu dutenez, iazkoagaz alderatuta zertxobait txikiagoa izan da aurten eskura izan duten aurrekontua: 20.000 euro. Emanaldien egunetan euria egingo balu bestalde, \"leku alternatiboetan\" hartuko lukela Uda Kalean Bizi jaialdiak aterpe ere aurreratu dute aurkezpenean.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!