Eskukoracing errepidean

Anboto 2010ko eka. 16a, 10:21

Taldetik eskuderia izatera pasa, eta Euskal Herriko errepideak zeharkatuko dituzte Durangokoracing Taldekoek, Eskukoracing izenagaz.

Taldetik eskuderia izatera pasa, eta Euskal Herriko errepideak zeharkatuko dituzte Durangoko Racing Taldekoek, eskuko Racing izenagaz. Aurretik ere bazebiltzan arren, 2008ko urrian ofizialdu zuten Durangokoracing taldea. Iaz taldeko hainbat piloto ibili ziren errepidean, baina beste eskuderia batekin, Eskukoracingek ez zuelako horretarako lizentziarik. Aurten, ahalegin berezi bat egin eta taldeari eskuderia izaera eman diote. Orain ez dute inoren begira egon beharrik; Eskuko Racing izenagaz zeharkatuko dituzte Euskal Herriko errepideak. Eskuderia legez aritzeak ahalegin mota asko eskatzen ditu, ekonomikoak, besteak beste. Krisi garaian babesle bila ibiltzea ez da lan samurra, baina \"lau-bost babesle lehial baditugu eta guk geuk jartzen dugunarekin, ez gara kexatzen\", dio Alain Zenigaonaindia automobil-taldeko kideak. Eskuderia estreinako urtean izaten ari den erantzunagaz ere pozik daude. Iaz taldeko hiru pilotuk korritzen zuten eta aurten sei lagun dabiltza bolantean. Antonio Gil (Citroen ZX) slalom eta mendi lasterketan dabil eta gainerakoak slalomean bakarrik: Juan Lombraña (Carcross RPM), Sergio Mugika (Citroen AX Sport) eta Oscar Revilla (Citroen AX Sport). Julen Dieguezek oraindik ez du lasterketarik korritu, baina laster hasiko da Mercedes 190E-agaz. Azkenik, Javier Moralesek Durangoko Klasikoan parte hartzeko asmoa eta ilusioa du Seat 850 baten laguntzagaz. Mugika eta Lombraña Nervion eskuderiagaz ibili ziren iaz; Gil eta Revillak hauxe dute lehenengo urtea. Aurten Bizkaiko eta Euskadiko slalom zirkuituan dabiltza eta \"espero baino emaitza hobeak izan ditugu\". Oscar Revilla -gazte mailan dabil- Dimako lasterketan bigarren geratu ondoren, Derion podiumeko koskarik gorenera igotzea lortu zuen. Juan Lombraña ere ondo dabil.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!