Durangoko Judo taldeak gonbidatuta etorri zen joan zen zapatuan. (Barruan elkarrizketa)
Wolfgang Heindel (29 urte, Alemania) jiu-jitsuko munduko txapelduna izan zen 2004an. Durangoko Judo Taldearen eskutik, Maristak ikastetxean egon zen joan zen asteburuan ikastaro bat eskaintzen. Gaztetxoek ederto pasatu zuten beragaz.Noiz hasi zinen arte martzialak praktikatzen?
Lodi samar nengoenez, gurasoak niretzako moduko kirol baten bila ibili ziren eta judoa aukeratu zuten. Sei urte nituen orduan. Gaztetan ez nintzen oso lehiakorra eta 11 urtera arte ez nuen borrokaldirik irabazi. Maisuak ere ez ziren oso onak, egia esanda. Dena dela, lagunartean oso ondo pasatzen nuen.
[imgd]http://www.anboto.org/images/7700/7765/1.jpg[/imgd] Gero jiu-jitsua ezagutu zenuen.
Bai. Bizi nintzen herrian jiu-jitsu kluba bazegoen. Entrenatzailea oso ona zen, asko erakusten zigun, eta borrokaldiak irabazteko aukera geroago eta gehiago ikusten nituenez hantxe jarraitu nuen. Nire lehen postu aipagarria eskolarteko txapelketa bateko bigarren postua izan zen. Irabaztearen sentsazioa berria nuen eta gustatu zitzaidan.
Orduan zaletu zinen benetan arte martzialetara?
Orduan eta 1988ko Seulgo Joko Olinpikoetan. Zortzi urte nituen eta gogoratzen ditudan lehenengo joko olinpikoak dira. Hainbat borrokaldi ikusi nituen, bakoitza bere nazioko banderagaz, bakoitza bere herrialdea ordezkatzen eta liluratu egin ninduten. Oroitzapen horiek oso presente ditut.
2004an Munduko Txapelketa irabazi zenuen Madrilen jiu jitsuan. Zer oroitzapen dituzu?
Amets eder baten moduan gogoratzen dut. 14 urte nituenetik txapeldun izatea zen nire ilusioa eta itxaropena, beraz errealitate bihurtu zenean ezin nuen sinistu munduko txapelduna nintzenik.
Espero zenuen hain goian ibiltzea?
2002an Uruguayn izandako Munduko Kopan bigarren geratu nintzen, beraz banekien lortu nezakeela. Nire aukera huraxe izan zitekeela ikusten nuen.
Irabazteko presiorik sentitu zenuen?
Bai, baina nire buruagazko presioa bakarrik. Oso exigentea naiz neure buruagaz. Ni neu naiz neuretzako inon aurkitu dezakedan maisurik zorrotzena.
Arte martzialekin duzun hartu-emana tatamitik harago doa. DVD eta liburu didaktikoak ere kaleratu dituzu.
Munduko txapeldun izateak erantzukizun handia eskatzen du. Egunero entrenatu beharra dago, batzuetan egunean birritan, eta denboraldia oso gogorra izaten da. Munduko txapelduna izateak ahal duzun goren heldu zarela esan nahi du; beraz, geratzen den bide bakarra beheranzkoa da. Horregatik, lehia apur bat baztertu eta arte martzialak beste ikuspegi batetik lantzea erabaki nuen; alderdi didaktikotik, hain zuzen.
Munduko herrialde askotan tokian tokiko arte martzialak probatu eta aztertu dituzu.
Tailandian, Brasilen… Herrialde asko bisitatu ditut. Ez nuke asmatuko esaten zein herrialdetako jiu-jitsua den onena. Asia arte martzialetan erreferente bada, kantitatea dago tartean, bertan jende asko erakartzen duen kirola delako. Baina Frantzia lako herrialdeak ere ezin ditugu ahaztu; futbolaren atzetik bigarren kirola da Frantzian.
Durangon gaztetxoekin ibili zara. Judo eta jiu-jitsua lako arteek gaztetxoen heziketan lagundu dezaketela uste duzu?
Duda barik. Borrokaldi baterako gaztetxoek lehenengo ikasten dutena aurrean duten arerioa errespetatzea da. Errespetatu ez ezik, zaindu ere egin behar dute. Balio horiek onak direla uste dut.
Lehia ofizialak baztertuta dituzu?
Alemanian talde bateko kidea naiz eta eurengatik jarraitzen dut. Lehen nigatik borrokatzen nuen. Orain, ordea, taldeari zor diodala sentitzen dudalako jarraitzen dut; eurengatiko erantzukizuna sentitzen dut.