Dantza eta musika tradizionalaren jaia zapatuan Plateruenean

Anboto 2010ko eka. 10a, 11:47

Bazkari herrikoiaz eta erromeriaz gainera, AIKO Taldeak argitaratutako liburu-DVD-aren aurkezpena ere egingo dute.

Ekainaren 12an, zapatuan, Landako erakustazokan eta Plateruenean egin dute Dantzazale Eguna ospatzeko hitzordua. Bazkari herrikoiaz eta erromeriaz gainera, AIKO Taldeak argitaratutako liburu-DVD-aren aurkezpena ere egingo dute. Orain urte bi abiatu zuten Dantzaldi Ibiltarien ikasturte amaierako bazkari-erromeria egingo dute AIKO taldekoek, Plateruenean. Martitzenetako ikastaroetan parte hartu duten ia ehun lagunei zein musika eta dantza tradizionala maite duten guztiei egin diete gonbita. Dantzazale guztiek elkarrekin bazkaldu, kantatu eta dantzatzeko eguna da AIKO taldeak antolatutakoa. Aitor Furundarenaren musikak gidatuko duen kantaldiaren ostean izango dute bertaratzen direnek dantza egiteko tartea. Jauzien inguruko liburua aurkeztuko dutenez, bazkalostean jauzi guztiak dantzatzeko asmoa dutela azaldu digu Sabin Bikandi irakasleak.

Urraska

Euskaraz eta ingelesez argitaratutako lana da AIKO Dantza taldeak prestatu eta bihar aurkeztuko duen DVD-liburua. Miguel Angel Sagaseta ikertzaileak 70eko hamarkadan Luzaide inguruan bildutako jauzien errepertorio osoaren interpretazio musikala eskaintzen duen lana da berau. Dantza ikasleentzat zein zale guztientzat sortutako lana da Urraska. Dantza jauziak Sagasetaren bidetik. A New Interpretation of the Jauziak Dances Collected by Sagaseta. Estatu Batuetako Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroak argitaratu du lana. Dantza, partitura, musika eta irudien bilduma pedagogiko-didaktikoa osatu dute. Besteak beste, Nafarroa Behereko Aiziritze, Bithiriña eta Iholdin egindako grabaketa zaharren dokumentuak ere bildu dituzte.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!