Jon Elorriagak, elkarteko txirrindulariak azaldu du erabakiaren zergatia Anboto Irratian.
Babesle eta laguntzaileen aldetik izandako murrizketek, eta berriak bilatzeko izandako arazoek, aurrekontuari aurre ezin egitea ekarri diote Duranguesa txirrindulari elkarteari.
Albiste tristea da honakoa txirrindularitzarentzat, eta batez ere, eskualdeko zaletuentzat. Izan ere, ospe eta garrantzi handiko lasterketa izan da urte luzez. Antolatzaileek, aurtengo edizioa bertan behera uzteko arrazoiak eman dituzte prentsa ohar bidez.
Adierazi dutenez, Durangoko txirrindulari elkartea \"irabazi asmo bako elkartea\" da. Bere jarduera \"instituzio, enpresa eta komertzioen laguntzan oinarritu\" izan dela azaldu dute, eta gaur egungo krisi sasoian, arazoak ugaritu direla. \"Diru-laguntzak murriztu\" zaizkiela eta \"babes gutxiago\" dutela, eta laguntza berriak bilatzea \"ezinezko\" egin zaiela kontatu dute. Horren aurrean, lasterketa suspenditzea beste biderik ez dutela izan.