Montserrat Torrentegaz "solasaldi-kontzertua" gaur

Anboto 2010ko mai. 28a, 12:20

Formatu bereziko kontzertua eskainiko du Torrentek, gaur, 20:15etan, San Frantzisko monasterioan.

Durangoko Kurutziaga hotelean egin du Aradoño Kultur elkarteak maiatzaren 28an lehenengoz egingo duten \"elkarrizketa-kontzertuaren\" aurkezpena. Ibilbide luze eta oparoko organu-jotzaile bat, 1996an Musikaren Sari Nazionala jaso zuen Montserrat Torrent kataluniarra gonbidatu dute saio horretara. Formatu bereziko kontzertua eskainiko du Torrentek, maiatzaren 28an, 20:15etan, San Frantzisko monastegian; bere bizitza eta obrari buruzko solasaldia egingo dute lehenengo, eta kontzertua eskainiko du 84 urteko organu-jotzaile kataluniarrak ondoren. Arandoño kultur elkarteko kide bik, Xabier Arana eta Andres Granadosek egin dute bariku honetan San Frantzisko monastegian izango den kontzerturako gonbitea. Xabier Aranak gogora ekarri duenez, aurretik ere beste bi alditan jo izan du 84 urteko musikariak Durangon. Arandoño kultur elkarteko kideen berbetan, \"orain hiru urte Arandoño kultur elkartearen 10. urteurrena ospatzeko eta Felix Aretxaga elkartearen sortzailea omentzeko antolatu genuen kontzertuan ere jo zuen Montserrat Torrent-ek: hurrengo egunean, San Frantziskora eraman genuen, eta hango organua jotzen jardun zuen\". Orduan esan omen zien Torrent-ek egunen baten bertan kontzertu bat eskaintzea gustatuko litzaiokela. Barikuko emanaldia, Josef Rheinberger, P. Antoni Martorell, eta Jesus Guridiren lanetan oinarrituko du Torrent-ek, eta aipatu bezala, berak estreinatuko du Arandoño kultur elkarteak lehenengoz antolatu duen \"solasaldi-kontzertua\". Orain hamahiru urte sortutako elkarteak 2010 urte honetarako antolatu dituen beste ekitaldi biak ere aurreratu dituzte gaur goizeko Kurutziaga hoteleko emanaldian. Irail eta abendurako antolatuko ditu Arandoño kultur elkarteak organu-zaleentzako hurrengo hitzorduak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!