\'Durango, 800 urte historian\' liburua eta aurtengo Historia Jardunaldiak aurkeztu dituzte.
\'Durango, 800 urte historian\' liburua eta aurtengo Historia Jardunaldiak aurkeztu dituzte.
Iaz egin zuten Arte eta Historia Museoko Historia Jardunaldien hamargarrena, eta berbaldien bigarren hamarkadagaz batera aurkeztu dute, atzo, Museoan izandako dozena bat hitzaldi batzen dituen Durango 800 urte historian liburua. Hamar urteotan Durango eta Durangaldearen historiarentzako ekarpen handia egin delako berbaldiotan, jakintza hori gordetzea garrantzitsua dela pentsatuta argitaratu dute liburua, Belen Bengoetxea koordinatzaileak nabarmendu duenez. Durango eta Durangaldeko historia –Goi Erdi Aroan Durangoko Konderria sortu zenetik hasi eta XX. mendearen bigarren zatira arteko historia– batzen du liburuak. Durango eta Durangaldearen historian zeharreko orain arteko ibilbidea jasotzen du bildumak. Durangoko Museoko berbaldietatik pasatu diren hizlari guztien izenen zerrenda eta jardunaldiak iragarri dituzten kartelak ere jasota geratuko dira liburuan.
Puntu eta jarraian
Hamaikagarren urtez ere, ohi baino aste batzuk geroago baina Durangoko Museora bueltatuko da Historia; kasu honetan, arkeologiaren ikuspegitik. Ideia, arkeologiari buruzko saioak ibilbide luzea izatea da, eta arkeologia disziplinaren oinarriak lantzea aurten. Prozesu guztia landuko dute berbaldietan: indusketako landa-lana, laborategiko lana, dataketak zelan egiten diren, etab.
Oinarritik hastea da, Bengoetxeak dioenez, jardunaldien helburua: arkeologia lanen emaitzak bakarrik ez, oinarri eta prozesuak ere interesa duten guztiei erakustea. Durangoko indusketen adibideak erabiliko dituzte hizlariek aipatutako gaiok jorratzeko.
[img]http://www.anboto.org/images/7600/7629/1.jpg[/img]