Zutundu surf eta SUP eskola sortu dute Durangon Txomin Magdalena durangarrarak eta Oier Illarramendi zarauztarrak.
Zutundu surf eta SUP eskola sortu dute Durangon Txomin Magdalena durangarrarak eta Oier Illarramendi zarauztarrak.
[img]http://www.anboto.org/images/7500/7596/1.jpg[/img]
Dakitela hauxe da \"lehorreko\" herri batean martxan ipintzen den horrelako lehenengo eskola. Eskualdeko surfzale eta surflarien bilgune bihurtu gura dute, baina ez furgoneta hartu eta noizean behin han-hemengo hondartzetara joateko bakarrik. Helburu trinkoagoak dituzte. Surfa bere adiera osoan hartuta, eremu guztietan eragingo duen olatu konstantea izan gura dute: ikastaroak antolatuz, surflariei aholkularitza eskainiz, ikastetxeekin hartu-emanak sortuz… Surf kultura txertatu gura dute Durangaldean, \"eskaria, egon, badagoelako\", Magdaleneren ustez.
\"Zertarako surf eskola bat Durangon?\", galdetuko du batek baino gehiagok: \"Pentsatzen ipinita ez da hain harritzekoa. Zarauztik Anbotora etortzen diren modu berean joaten gara hemengoak kostaldera. Badago surfaren inguruko halako mugimendu bat, eta hori bateratu gura dugu\". Beste abantaila bat azpimarratu du Illarramendik: \"Surfak badu inplizituki bidaiatzearen esangura. Ni kostaldean bizi naiz, baina sasoiaren arabera, adibidez, Izpazterreko Ogeiara joaten gara, eta ez dago berbertan ere. Durangon, aldiz, Zarautzen, Lagan edo Deban egon zaitezke 40 bat minutuan\".
Aste biren barruan sarean egongo den www.zutundu.com webgunean zehaztuko dute eskaini gura dutenaren informazioa. Eskolara batzen direnen artean taldeak sortuko dituzte, jakintza mailaren eta bestelako irizpide batzuen arabera.
Esaterako, surfaren gaineko lehenengo nozioak jaso eta, apurka-apurka, abilezia hobetzeko aukera eskainiko diete hasi berriei; edo badabilen bati, hala gura badu, bere jarduna bideoan grabatu eta zer eremutan hobetu dezakeen erakutsiko diote: \"Baina ez gara ikastaro hotzetara mugatuko. Jarraipena egingo dugu. Ez dira gaur hasi eta bihar amaituko, hartu-emanetan ere sakondu gura dugulako. Jendeak astebururo futbol partiduak izaten dituen moduan, geuk ere urte osoan finkotasun bategaz garatu gura ditugu ekimenak\".
Adibide konkretu bategaz azalduta eta eskainiko duten abaniko zabalaren adierazgarri, dagoeneko nahiko gorpuztuta duten ekimen batek surf &english du izena. Irakasle ingeeles batek surf ikastaroa eskainiko du, baina ingelesez bakarrik: \"Herrian batzen zaituenetik ingelesez berba egingo dizu, surf ikastaroa barne, beraz, hiru-lau orduan ingelesa eta surfa praktikatu daitezke aldi berean\", azaldu du Magdalenak.
Webgunean materiala salgai
Euren webgunean surfaren inguruko materiala salgai ipiniko dute: taulak, neoprenozko jantziak, gehigarriak… askotariko produktuak erosi ahalko dira, prezio irisgarrian. Zutundu ezagutarazteko, ekainean zehar longskatearen inguruko jaialdi bat egiteko asmotan dira: erakustaldiak, musika, material zozketa… Ordura arte itxaron ezin duenarentzat: info@zutundu.com.
SUP: surfa denen eskura ipintzen duen modalitatea
Zutundu ez da surf eskola bakarrik, surf eta SUP (Stand Up Paddle) eskola baino. Modalitate honek adinaren zein abileziaren trabak ezerezten ditu, edonork praktikatu dezakeelako. \"AEBetan fama itzela du, eta Europan errotzen dabil orain. Iraultza bat izango da, seguru gaude\", dio Magdalenak.
Arraun baten laguntzagaz eta normala baino taula zabalagoaren gainean, Urdaibain, laku batean zein itsasoan lasai ibiltzeko aukera eskaintzen du, ahalegin berezirik egin beharrik barik: \"Neure aita ere trankil-trankil ibiliko litzateke han gainean\".
Beraz, kirol aproposa da familia giroan arratsalde bat pasatzeko zein ezkondu aurreko agur egunetan ekimen berezi eta berri bat egin gura duenarentzat.
[img]http://www.anboto.org/images/7500/7596/2.jpg[/img]