Ilargira bidaia gaur, San Agustin antzokiko oholtzatik

Anboto 2010ko mai. 16a, 10:00

Apirilaren 17an egin zuen Gorakada antzerki taldeak Jules Verneren azken abentura izena daukan azken lanaren estreinaldia. Gaur, 18:00etan, Durangoko San Agustinen da hitzordua.

Zornotza aretoan, apirilaren 17an egin zuen Gorakada antzerki taldeak Jules Verneren azken abentura izena daukan azken lanaren estreinaldia. Ordutik, besteak beste, Berrizen eta Elorrion erakutsi dute Gorakadakoek antzezlana, eta domeka honetan, maiatzaren 16an 18:00etan, Durangoko San Agustinen da hitzordua. Urtebeteko lanaren ondoren aurkeztu zuten, apirilean, Jules Verneren azken abentura, estreinaldiaren aurretik Alex Diaz zuzendari abadiñarrak azaldu zigunez. Verne idazleak sortutako pertsonaiak eta idazle frantzesaren idazmahaitik abiatutako bidaiak dira umeentzako antzezlan honen ardatz. Izaskun Asua, Josu Camara, Ainhoa Alberdi eta Zigor Bilbao dira obrako antzezleak: Asua antzezle elorriarrak idazlearen neskame den Martaren papera egiten du, eta Camarak Julio Verne idazle ezagunarena. Umeentzako antzerkia egiten, duela 23 urtetik (1987tik) dihardute Gorakadakoek, eta hogeigarren ikuskizuna da domekan Durangora ekarriko duten Verneri buruzkoa. Idazten diharduen istorioko azken paragrafoetan ilargian utzi duen protagonistaganaino zelan ailegatu pentsatzen abiatzen du bidaia protagonistak, eta irudimena garraiobide hartuta ilargirainoko bidean abentura mordoa bizi eta erakutsiko ditu.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!