Emakumeen Errugbi Tag Topaketa antolatu dute larunbatean

Anboto 2010ko mai. 11a, 13:34

14 urtetik gorako neskei zuzenduta dago eta DRTra jokalariak erakartzeaz gainera, errugbia ezagutarazi nahi dute eskualdean. Durango Rugby Taldeak eta Sukia Rugby Eskolak emakumeei zuzendutako Errugbi Tag Topaketa antolatu dute larunbatean, 16:30etik aurrera, Ezkurdin. Helburua errugbia eskualdean ezagutaraztea eta modu ludikoan gazte zein helduei errugbiaz gozatu dezaten aukera eskaintzea da. Horretarako tag modalitatea aukeratu dute. Parte hartzaileek zinta batzuk lotzen dituzte gerrian eta kontrarioari zinta hori kentzean datza jokoak: \"Kontakturik gabeko errugbia da, ez da plakaketarik egongo. Joko dibertigarria da datozenek ondo pasatuko dute\", azaldu du Lierni Areitio DRTko jokalariak. Arratsaldetan Ezkurdi itxi egiten dutenez, plaza ondo bidean garatuko da ekintza. Jokoez gainera, arratsalde osorako egitaraua antolatu dute. Parte hartzaile guztiek errugbi topaketarako beren beregi egindako kamiseta bana jasoko dute. Horrez gainera, hainbat sari zozketatuko dituzte eta Durangoko emakumezko errugbi jokalari ohien argazki erakusketa ikusgai egongo da. Izena egunean bertan eman daiteke, nahiz eta, gura duenak, DRTren webgunean ere baduen horretarako aukera.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!