Durango Ilarduya urteko unerik erabakiorrenean dago. Zapatuan Madrilgo Ingenieros Industrialesen kontra jokatuko dute jaitsiera promozioko azkeneko kanporaketako joaneko partidua.
Durango Ilarduya urteko unerik erabakiorrenean dago. Zapatuan Madrilgo Ingenieros Industrialesen kontra jokatuko dute jaitsiera promozioko azkeneko kanporaketako joaneko partidua. Durangarrak emaitza onaren bila doaz, ondoren Arripausuetan beste 80 minutu jokatu beharko dituztela ahaztu barik.
Durangoko taldea norgehiagokari erritmoa ezartzen saiatuko da: \"Maila bat gorago jokatzen dugula igarri egin behar da. Gure mailan pentsatzeko denbora gutxiago izaten da normalean, eta kontaktuak bortitzagoak dira. Dena da exigenteagoa. Gure erritmoa ezartzen saiatuko gara\", azaldu du Aratz Gallastegi entrenatzaileak.
Kanporaketako beste gakoetako bat partidua kontrolatzeko ahalmenean dago: \"Aurretik zein atzetik joan, ezin dugu bururik galdu, bueltako partidua geratzen dela jakinda. Burutsu eta kontzentratuta jokatu behar dugu\". Izan ere, bihar durangarren arerio izango denak, esaterako, puntu askogatik galdu zuen aurreko faseko joaneko partidua Mallorkan, eta etxean markagailua iraultzea lortu zuen.
Liga erregularreko azken partiduan Eibarren kontra erakutsi zuten seriotasuna hartzen du adibidetzat Gallastegik bihar taldeak erakutsi beharko lukeen jarrera definitzeko. Aurten partidu batzuetan \"huts asko\" egin dituzte, eta horrek \"partiduak ez ditugula behar den moduko jarreragaz jokatu esan gura du\". Eibarren kontra, \"partidu garrantzitsua zelako-edo, serio jokatu genuen, gogotik lan eginez\", gogoratu du, eta bihar jarrera bera erakutsi ezean \"larri\" ibiliko direla abisatu.
Baja batzuekin
DRTk baja batzuk ditu biharko partiduari begira, tartean Zorion Zabala kapitainarena. Eibarren kontrako partiduan sudurra apurtu zuen, eta ez da oraindik guztiz errekuperatu.