Arte eszenikoen Biga Espazio bilgunea zabaldu dute Durangon. Aritza Rodriguez aktoreagaz elkarrizketa egin dugu Anboto Irratian.
Tailerrak emateko lekua, biltoki moduan erabili litekeena, finean, sortzaileen elkartrukerako gunea da orain aste bi Durangoko Intxaurrondo kaleko 36 zenbakian zabaldu dutena. De Bote en Bote, Ganso&cia eta Biribil elkarteek bultzatu dute espazio berri honen sorrera; Durangaldean antzerkian, zirkuan, akrobazian eta antzekoetan jarduten duten taldeak dira Biga Espazio bultzatu dutenak.
Durangon elkartu ditu euren bizitza eta lanak Bilbo, Argentina zein Zaldibarko sortzaile eta antzezleak, eta euren lana garatzeko leku baten beharrizanak bultzatu ditu Biga Espazio sortzera.
Umeei zuzenduta antolatuko dituzten tailer, ikastaro eta emanaldietan indar berezia egingo dutela azpimarratu digu taldeko kide den Aritza Rodriguez antzezle zaldibartarrak. Akrobazia tailerra, clowna, malabareak, ekilibrioak, yoga fisikoa eta kontortzio tailerrak antolatu dituzte. Adin guztietako jendea gonbidatu dute lokala ezagutzera gerturatu eta ikastaroetan parte hartzera.
Akrobazia tailerrak astean birritan, yoga tailerra martitzenetan, malabareak astelehen eta eguazten iluntzetan, eta clown eta kontortsioaren inguruko tailerrak ere proposatzen dizkigute Biga Espazion. Jakinmina duen eta tailerretan parte hartu gura duen edonorentzako 605 714 358 telefonoa ipini dute aukeran.