Jon Aracena gipuzkoarrak erakustaldia emanda irabazi zuen; Inmaculada Ruiz Peránek duatloiko lau aldietan podiumean sartzea lortu du. Giro bikaina izan zen egun osoan zehar.
Jon Aracena gipuzkoarrak erakustaldia emanda irabazi zuen; Inmaculada Ruiz Peránek duatloiko lau aldietan podiumean sartzea lortu du.
Ikuskizun ederragaz gozatu ahal izan zuten larunbatean IV. Zarate eta Elexpe Duatloia zuzenean jarraitu zuten zaleek. Gizonetan Jon Aracenak jantzi zuen txapela (1.56.41); Endika Gartzia izan zen bigarren eta Patxi Vila, iazko aldiko irabazlea, hirugarren.
Ibilbideak hiru tramu zituen; 9 kilometro korrika (Orozketaraino sartuta), 40 bizikletan eta beste 5 korrika, Durangoko kaleetan zeharreko zirkuituan. Bizikletako tramua amaitu ondoren, Gartzia eta Vila ihes eginda zihoazen eurak bakarrik. Minutu bat atzerago ekin zien Aracenak azken bost kilometroei; eta ikaragarrizko erakustaldia eman zuen. Hain tramu laburrean aurreko biak harrapatu eta atzean utzi zituen, bakarrik helmugaratu zelarik: \"Sinestezina izan zen. Nik urte asko daramatzat duatloien munduan eta sekula ez dut horrelako erakustaldirik ikusi\", onartu du Mugarra Triatloi Taldeko kide eta duatloiko antolatzaileetako bat izan den Serafin Bereziartu \'Txela\'k.
Emakumeetan Inmaculada Ruiz Peránek (2.08.33) bere beterania baliatu zuen duatloia irabazteko. 50 urte dituen arren, oraindik sasoiko dagoela erakutsi zuen bilbotarrak: \"Esperientzia handia du eta behar zituen urratsak behar zituen unean eman zituen\", dio \'Txela\'k. Azpimarratzeko moduko datu bat; Ruiz-Perán da Durangoko duatloiko lau aldietan podiumera igotzea lortu zuen atleta bakarra.
Gaztetxoen duatloia
Aurretik gaztetxoen duatloia korritu zuten eta \"harrera oso ona\" izan zuela dio \'Txela\'k: \"Bermeotik, Lekeitiotik eta beste hainbat tokitatik etorri ziren gaztetxoak. Mugarra Triatloi Eskolan dabiltzanak ere ibili ziren. Jendea oso gustura geratu zen gaztetxoen saioagaz\".