Eszena berria gehitu diote 'Pasiñoa'-ren antzezpenari

Anboto 2010ko mar. 25a, 12:37

Eguazten iluntzean Durangoko Kurutziaga hotelean egin zuten 2010eko Durangoko Pasiñoaren jendaurreko aurkezpena; antzezle gazte zein Durangoko Udaleko ordezkari politiko asko batu ziren. Azken urteetan legez, jende gaztea antzezpenean parte hartzera bultzatzen jarraitzen dutela nabarmendu zuen Asategik, \"etorkizunari begira hori da jarraitu behar dugun bidea\".

Eguazten iluntzean Durangoko Kurutziaga hotelean egin zuten 2010eko Durangoko Pasiñoaren jendaurreko aurkezpena; antzezle gazte zein Durangoko Udaleko ordezkari politiko asko batu ziren. Hamazazpigarren edizioa duen antzezpenari buruz, aurkezpen mahaian Udalaren ordezkaritzan egon zen Aitziber Irigoras alkate jeltzaleak nabarmendu zuenez, \"halako ekimen kultural bat hainbeste urtean mantentzea, eta gainera bolondresen lanean oinarrituta egitea ez da ohikoa izaten\", eta Juan de Iciar elkartearen lana goraipatu zuen. Txema Asategi lehendakariak azaldu zuenez, \"berritasun berezirik bako antzezpena izan da aurtengoa\": izan ere, Durangoko Pasiñoako pertsonaia nagusien antzezleak berriro jardungo dute euren egitekoetan:orain urte bi legez Aitor Casalek egingo du Jesusen papera, eta Fermi Ordoñezek Mariarena. Azken urteetan legez, jende gaztea antzezpenean parte hartzera bultzatzen jarraitzen dutela nabarmendu zuen Asategik, \"etorkizunari begira hori da jarraitu behar dugun bidea\". Jesus eta Mariagaz batera antzezpenean parte hartzen ia 130 lagunek jardungo dute aurten ere, martxoaren 31n eta apirilaren 1 eta 2an, 21:15etik aurrera San Ana plazan izango diren antzezpenetan. Sarrerak, 7 euroan, ohiko bideetatik lortu daitezkeela gogorarazi zuen Txema Asategik: Santa Anan dagoen Arco tabernan eta 656777321 telefono zenbakian egin daitezke erreserbak.

Eszena berria antzezpen amaieran

Antzezpenaren amaierari bizitasun gehiagoa eman eta aberasteko helburuagaz, eszena berri bat gehitu dute aurtengo ediziorako: \"Berpizkundea baino lehenagokoa da eszena berria\", azaldu dutenez. Bost minutuko eszena izango da, Xabier Arana zuzendariak nabarmendu duenez. \"Jesus hilobian sartu eta atoan erdiko gortinan ipinita Aleluya abestia ipini eta gero kontatu izan da Jesusen berpizkundea\", dio Aranak: \"Ebanjelioan betidanik mozketa bat gertatzen da puntu horretan; Jesus lurperatu eta hurrengo egunean jarraitzen du kontakizunak\". Antzezpenaren gidoiari dagokionez, azken hamazazpi urteetan egin den berrikuntza nagusiena da 2010eko edizio honetan erakutsiko dutena. Durangoko Pasiñoaren hamazazpigarren edizioa antolatzeko 45.000 euroko aurrekontua izan dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!