\"Koblakariak behar ditugu\" ikuskizunagaz hasi da Zilar Astearen lehen edizioa. Atzo goizean makina bat ikaslek parte hartu zuten lehen emanaldian, eta gaur 20:00etan zabala izango da. Domekara bitartean, Sarrionandiaren obran oinarritutako ekitaldi sorta izango da Durangon.
\"Koblakariak behar ditugu\" ekimenean hainbat artistak hartu dute parte. Iturriaga eta Amuriza bertsolariak, Gotzon Barandiaran poesia errezitatzen, Karrikakoak antzezten... Eñaut Elorrietak ere abestu behar zuen, baina gaixorik dago eta Rafa Rueda izan da azkenean. Ikastetxeetako ikasle batzuek ere irakurri dituzte Sarrionandiaren olerki batzuk. Guztiek egin dute lan idazle iurretarraren lana gaitzat hartuta.
Gaur, osteguna 25, emanaldi zabala izango da 20:00etan. Barikuan \"Aulki hutsa\" antzezlana emango du Le Petit Théâtre de Pain konpainiak. Zapatuan Xabier Mendigurenek berbaldia eskainiko du Udal Liburutegian, eta domekan ibilaldia egingo dute Sarrik testuetan aipatutako hainbat gune bisitatuz.