Iñaki Aurrekoetxea eta Agin Rezola kazetariek Euskal Herriko Txapelketa Nagusian egin zuten kritikari lana konpartitu dute Plateruenean.
Txapelketa Nagusian koadernoa hartuta ibili dira Agin Rezola eta Iñaki Aurrekoetxea kazetariak. Rezola Gara eta Info7rako lanean ibili da, eta Aurrekoetxeak Berriarako idatzi ditu kronikak. Bertsoaldiak aztertzerakoan kontutan zer edukitzen duten azaldu dute DF Bertsozale Eskolako hirugarren saioan.
Agin Rezolak adierazi du bere intentzioa ekarpen positiboak ematea izan dela: \"Batzutan oso erraza da bertsolariek gaizki egin dutena esatea, eta gauzak era positiboan aztertzen saiatu naiz. Gauza positiboekin ekarpenak berdin-berdin egin daitezke, eta ez da minik egiten\". Aurrekoetxeak zorrotzago aztertu ditu bertsoaldiak, eta ofizioko ariketetan elkarri erantzuten dioten modua nabarmendu du.
Txapelketan \"belaunaldi baten izebergaren punta\" ikusi zela nabarmendu dute bi kazetariek. Bertsolariek barne begiradatik kantatzeko saiakera egiten dutela ikusi dute Rezola eta Aurrekoetxeak, eta nortasun handiko bertsoak ugaritzen ari direla diote. Txapelketan agertu den belaunaldi berria bera ere nortasun handiagaz ikusi dutela azpimarratu dute.
Hitzaldian, ofizioko saioak aztertu dituzte batez ere, eta euretan elkarrizketa edo dialektika egotea beharrezko ikusi dute. Bidea zabaltzen, norberarenari eusten, batabesteari erantzuten... bertsolariek izaten dituzten elkarrizketak aztertu dituzte DF Bertsozale Eskolako ikasleekin batera.