Gaur, entsegu-gune ere baduten Durangoko San Agustin aretoan egingo dute Karrika antzerki taldekoek antzezlan berriaren estreinaldia.
Gaur, entsegu-gune ere baduten Durangoko San Agustin aretoan egingo dute Karrika antzerki taldekoek antzezlan berriaren estreinaldia.
Pertsonen kontrako minek sortzen dituzten kalteei buruzko antzezlana sortzen urtebete pasatxo eman du Karrikako gazteen taldeak. \'Oinez dabilen jende eskasa\' da urtebeteko dedikazio horren emaitza, eta Durangon aurkeztu eta gero beste antzoki eta areto batzuetan antzeztea dutela helburu azpimarratu digute Karrikakoek.
Dozena bat urte egingo ditu Karrika antzerki taldeak laster, eta, urteotan legez, antzezlan berri bat estreinatuko dute aurten ere. Gaur Durangoko San Agustin kulturgunean egingo dute Oinez dabilen jende eskasa antzezlanaren estreinaldia. Hamabi urteko historian, urtean behin ikuskizun berria kaleratu izan du Karrikak: Fartsa izan zen lehenengo oholtzaratu zutena, eta azken urteetakoak, orain urte biko Martxoak 31n estreinatu zutena eta iazko irailean erakutsi zuten Ametsen Faktoria izan dira, besteak beste.
Artemio Zarco idazleak 7K astekarian argitaratutako artikulu bat du bihar aurkeztuko duten antzezlanak oinarri, Karrikako zuzendariak azaldu digunez. Orain zazpi urte inguru argitaratutako testua da Zarcorena, eta Txotxe zuzendariak gogoratu duenez, artikuluaren irakurketak bultzatuta sketx bat idatzi zuen orduan: bere sasoian sketxa oholtzaratu zuten arren, \"sketx horretatik tiratu eta obra luzeago bat sortzea erabaki arte kaxoi batean egon da Oinez dabilen jende eskasa gordeta\".
Obra labur horregaz esperimentatzen eta inprobisatzen hasi, eta horrela joan da bihar erakutsiko duten antzezlan hau forma hartzen. Istorioak garapen dramatikoa nondik izan lezakeen aztertu eta gero ekin zioten testua eta gidoia idazteari. Aldi berean, Karrikaren lan egiteko metodoari eutsiz, sortzen joan zaizkien eszenografia eta jantzien beharrak ere taldekideak eurak joan dira osatzen, sortzen.
Karrikako gazteen taldea da Oinez dabilen jende eskasa antzezlanean protagonista, baina taldean urte gehiago daramatzaten kideen laguntza ere izan dute. Antzezlanaren gaia bera ere bereziki interesgarria da Karrikako gazteentzako. \"Gaztea\" berbaren esangura ez dela batere zehatza azpimarratu arren, \"gazteak bereziki ukitzen dituzten gaiak landu ohi ditu Karrikak\", dio zuzendariak, motibagarrienak horiexek gertatzen zaizkielako: Oinez dabilen jende eskasa obrako protagonistak, pertsonen kontrako minen eraginak gehien pairatzen dituztenak, umeak eta gazteak direla azaldu digu zuzendariak. \"Markatutako mugetatik kanpo jolastera joatera bultzatzen ditu umeak euren izaera anarkikoak\", dio, \"eta eurek jasaten dituzte lehergailuen eraginak ere\".
Dramatizazio tailerra eta eraikuntza edo plastika tailerra dituzte Karrika antzerki taldean. Horrela, oholtzara begira, obra batek behar duen alde dramatikoa edo espresiboa joaten dira obrak sortzerakoan gorpuzten. Aldi berean eraikitzen joaten dira, bestalde, antzezlanean behar den attrezzoa eta obra janzteko funtzioa duten arropak.
Antzezle nagusiak bederatzi izango dira eta lau antzezle-laguntzaile izango dituzte Oinez dabilen jende eskasa obran, zuzendariak azaldu digunez. Lan dramatiko hori lagundu eta indartzen, antzezlanerako eszenografia eta jantziak sortzen, beste zazpi-zortzi lagunek jardun dute tailerrean, azken urtebete baino gehiagoan. Zuzentzen eta arlo teknikoan beste hiru lagun daude; guztira, beraz, hogei bat lagun dira Oinez dabilen jende eskasa antzezlana osatzen dutenak; bakoitzak bere tokia du Karrika antzerki taldearen egitura horretan.