Martxoaren 24tik 28ra bitartean, Zilar Astearen lehen edizioa burutuko da Durangon. Hainbat eragile eta ikastetxeren bultzadaz, urtean behin antolatuko den aste tematikoa da honakoa. Ekimenari hasiera emateko, Joseba Sarrionandia idazlea hartu dute lan ardatz moduan.
Martxoaren 24tik 28ra bitartean, Zilar Astearen lehen edizioa burutuko da Durangon. Hainbat eragile eta ikastetxeren bultzadaz, urtean behin antolatuko den aste tematikoa da honakoa. Ekimenari hasiera emateko, Joseba Sarrionandia idazlea hartu dute lan ardatz moduan.
Herrri-kulturgintza lantzeko asmoz jaio da Zilar Astea. Durango osoko talde eta guneekin, zein Euskal Herri osoko eragile eta artistekin, urtean ardatz bat aztertu eta plazaratuko dute. Ardatza gai bat, autore bat edota gertakari bat izan daiteke; kasu honetan, Joseba Sarrionandiari eskainiko diote jardunaldia.
Egitasmo berri honen atzean hainbat plateru edo zilargin daude: Plateruena Kafe Antzokia, Berbaro euskara elkartea, Karrika Antzerki taldea, San Agustin Kultur Gunea, Literatura eskola, Jesuitak ikastetxea, Ibaizabal ikastola, Iurretako Institutua eta Maristak ikastetxea. Beraz, hezkuntza eremuan ere izango du eragina.
Ekimen anitza eta aberatsa da Zilar Astea. Izan ere, disziplinartekotasuna jorratuko dute: euskarazko kulturaren adierazpide ezberdinetan gai horrek izan duen trataera landu eta horretan diharduten artistak elkartuko dituzte.
Garaizarreko idazleaz
Esan moduan, Joseba Sarrionandia (Iurreta, 1958) idazlearen gainean garatuko da lehenengo Zilar Astea. Antolatzaileek adierazi dutenez, aste tematikoaren ezaugarriak \"ondo baino hobeto\" betetzen dituelako aukeratu dute iurretarra. Hasteko, \"obra oparoko eta aberatseko autorea\" dela azaldu dute. Sarrionandiaren lanari erreparatzen badiogu, hainbat generotan murgildu izan dela ikusiko dugu: poesia, narrazioa, saiakera, haur literatura, itzulpenak...
Gainera, bere lan horrek adierazpide ugaritarako jauzia egin du, \"euskal idazlerik kantatuena eta oholtzaratuena\" dela diote plateruek. Ruper Ordorika, Mikel Laboa, eta Muguruza anaien testugile izan da, esaterako. Hainbat ikuskizunen oinarri ere bai: Kukairen Hnuy illa, Gaitzerdi Teatroren Decir lluvia y que llueva...
Sarrionandiaz jarduteko beste arrazoi bat, bertakoa dela, Iurretan jaiotako \"Durangaldeko semea\". 1980tik, baina, herritik kanpora dabil. Izan ere, kartzelan sartu zuten, eta handik bost urtera ihes egitea lortu zuen. Bizipen horiek markatuta idatzi izan du; \"Gartzelako poemak\" edota \"Ni ez naiz hemengoa\" horren adibide. Dena dela, ez da bere sorlekuaz ahaztu, eta halan erakutsi zuen \"Akordatzen\" saiakera lanean.
Garaizarreko idazlea plazara ekarriko du Zilar Astearen lehen edizioak.