Maite Berriozabal eta Unai Elizasu gai-jartzaileak Plateruena Kafe Antzokiko DF Bertsozale Eskolan izan dira euren lanaren gaineko argibideak ematen.
Gaiak jartzen plazarik plaza ibiltzen dira Maite Berriozabal eta Unai Elizasu. Euskal Herriko Txapelketa Nagusian gai-jartzaile taldean egon dira, eta gaiak aukeratzeko orduan ze behar egiten duten azaldu dute DF Bertsozale Eskolan.
Gaiak prestatzen uda aurretik hasi zirela azaldu dute, eta uda aurretik \"txapelketa egiteko moduko gaiak\" prest izaten dituztela. Gai atenporalak dira hauek. Gero, txapelketa aurrera doala gaurkotasun gaiak ere sartzen dituzte. Gai-jartzaileen batzarretara etxean landutako gaiak eramaten dituztela azaldu dute, eta batzarretan, gaiak hobetu eta bete egiten dituztela. \"Gai ona bileran gauden 8rok konbentzitzen gaituena da\", nabarmendu du Unai Elizasuk.
Gaien hitz guztiak banan-banan eztabaidatzen dituztela nabarmendu dute Elizasuk eta Berriozabalek. Horren ostean, batzuetan bertsolariek gaiari txarto heltzen diotela ere esan dute: \"Zazpi minututan gaia landu eta atera duzun ondorio bera ezin da batzutan gaia entzun eta lau segundutan atera\".
Bertsolariekin eta gaiekin taula bat egiten dutela azaldu du Maite Berriozabalek. \"Antzerako paperak ez egokitzea gura izaten dugu\".
Sorkuntza prozesua
Aktualitateari jarraipena egiten ere saiatu dira Txapelketa Nagusiko gaietan. \"Albisteak izan diren moduan aipatu barik gaitik tiratu eta ikuspegi berri bat ematen saiatzen gara\".
Ariketa bakoitzean kontutan hartu beharreko kontu batzuk daudela nabarmendu dute bi gai-jartzaileek:
Zortziko Nagusia
Hona hemen zortziko nagusiko gai bat: \"Zuek biok haurdun zaudete. Emaginaren kontsultan A gripearen kontrako txertoaren kartela ikusi duzue\".
Gai-jartzaileek azaldu dutenez, ariketa honetan ofizioka dabiltzan bertsolariak egoera berean egoten dira. \"Bigarren kantatuko duenak adi entzun beharko dio lagunari, berak markatuko baitu bidea\".
Zortziko Txikia
Maite Berriozabalek zortziko txikiko ariketak fikziotik gertuago egon daitezke zortziko handikoak baino: \"Nagusikoak gauzak gehiago azaltzeko bertsoak izaten dira\". Ofizio hauetan bertsolari bakoitzak markatuta izaten du bere postura. Hona hemen txapelketako beste adibide bat: \"Zuek biok jairik jai zabiltzate astebururo. A-k pasa den asteburuko herrian errepikatu nahi du gaur parranda, B-k ez\".
Hamarreko txikia edo sei puntuko motza
Unai Elizasuk aipatu duenez, serio ikutua izaten dute ariketa honetako gaiek: \"Zortziko Nagusiko egitura antzekoa izaten dute, baina pertsona bakoitzak bere postura izaten du\".
Puntu erantzunak
Ariketa honetan saio bakoitzeko oin guztiak desberdinak izan behar direla azaldu dute gai-jartzaileek. Berriozabalek esan duenez, \"garrantzitsua da lehen zazpi silabetan gaia jakinaraztea\". Ahalik eta arinen aipatu behar da beraz gaiaren muina.
Kartzela eta bakarkakoa
Gaiak zabalegiak diren, itxiegiak diren... askotan izan dituzte kritikak gai-jartzaileek bakarkako gaien eta kartzelako gaien inguruan. Elizasuk eta Berriozabalek adierazi dutenez, \"ez dugu topatzen bertsolariek zer edo zer konkretua kontatzea\". Bakoitzak gaiari nundik ebatu, hor egongo litzateke magia. Kartzelako gaietan aukera gehiago ematen saiatzen direla azaldu dute, eta bakarkakoan gehaigo zehazten dutela bertsolariak ze egoeratan kantatu behar duen.