Barikuan Elorrion izan eta gero, Durangora dator gaurkoan Saga ekoiztetxearen lana. Pinocheten diktaduraren osteko trantsizio garaian idatzi zuen Dorfmanek testu hau. Emilio Gutierrez Caba, Luisa Martin eta Jose Saiz dira aktore nagusiak.
Ariel Dorfman idazle argentinarrak 90eko hamarkadan idatzitako gidoia du Saga ekoiztetxearen La Muerte y la doncella antzezlanak oinarri. Pinocheten diktaduraren osteko trantsizio garaian idatzi zuen Dorfmanek martxoaren 12an Elorrioko Arriolan izan zen eta gaur Durangoko San Agustinen ikusgai izango dugun La muerte y la doncella.
Dorfmanen testuan oinarritutako hauxe da munduan zehar gehien antzeztu den Hegoameriketan sortutako antzezlana, eta entzuleen eta kritikaren goraipamena jaso izan du, gainera, beti.
Iazko urtarriletik Eduardo Acostaren zuzendaritzapean antzezlanean aktore, Espainiako zinema eta antzerkian oso aurpegi ezagunak diren Emilio Gutierrez Caba, Luisa Martin eta Jose Saiz dabiltza. Gutierrez Caba, Martin eta Saizek antzezten dituzten hiru pertsonaiengan gorpuztuta ikusiko dugu antzezlanean kontatzen den istorio gogorra.
Paulina Salas da antzezlanaren protagonista, eta Luisa Martin aktore ezaguna da hogei urte lehenago, unibertsitateko ikasle garaian torturatu zuen gizona bahitzen duen emakume txiletarrarena egiten duena.
\"Botere absolutu eta irrazionalaren jabe sentitzen denean gizakia egiteko gai den -historian hainbestetan bezala gaur egun ere egiten dituen- gehiegikerien salaketa\" da La muerte y la doncella antzezlanekoa.
Arrazoia eta zoramena, zalantza eta ziurtasuna, memoria eta ahaztura, etab. dira antzezlanean agertzen diren beste elementu ez hain ageriko baina ikuslea gogoetara bultzatzen dutenak.