Amurrioren kontra jokatuko du Kulturalak etxetik kanpora. Amurriok Kulturalak baino puntu bat gehiago dauka.
Talde guztiek izaten dituzte gorabeherak denboraldian zehar. Bederatzi hilebetean errendimendu betean ibiltzea ezinezkoa delako. Kulturala bolada txarrean dabil azken hile eta erdian. Segidan bost partidu daramatza irabazi barik, eta 15 puntu posibletik bi bakarrik batu ditu.
Hala ere, alde positiboari begiratu behar zaionez, azken asteetako emaitza kaskarrek ez dute play-offetako postua gehiegi aldendu. Kulturala bederatzigarren dago, eta talde asko ditu tartean, baina puntuei erreparatuz gero aldea ez da ikaragarria: lau puntu.
Beasainen kontrako garaipena (1-0) izan zen durangarrek hiru puntuak batu zituzten azkeneko aldia. Ondoren, partidu bi segidan etxetik kanpora jokatu zituen; Lagun Onaki egindako bisitan esku hutsik bueltatu ziren (2-1); Baskoniaren kontra, gutxienez, puntu bat batzea lortu zuten (2-2). Otsailaren erdian Zamudio etorri zen Tabirara, eta merezimendu osoz eraman zituen hiru puntuak (3-0). Elgoibarren berriz ere gol bateko aldeagatik galdu zuten (1-0), eta joan zen astean bana berdindu zuen Portugaleteren kontra. Zortea ere ez zuten alde izan, kanpotarrek partiduaren hondarrean berdindu baitzuten.
Bihar Amurrioren kontra jokatuko dute etxetik kanpora. Amurriok Kulturalak baino puntu bat gehiago dauka.