Bizardunak taldeko musikari nafarrak izango dira gaur Durangoko Plateruenean kontzertua eskaintzen.
Dubliners talde irlandarreko eta kubako Sierra Maestrako bizardunak dituztela maite aldarrikatzen duten Bizardunak taldeko musikari nafarrak izango dira barikuan Durangoko Plateruenean kontzertua eskaintzen.
Irlandako doinu zeltak gogora ekartzen dituzten kantak sortzen dituzte Bizardunak taldeko nafarrek, eta egiten dutena \"folk radical vasco\" dela azaltzen dute.
Erro zeltiarrak dauzkan musika egiten dute folk mota horretan tradizionalak diren instrumentuekin, eta The Dubliners eta The Pogues talde irlandarrek egiten dutena omen da euren egiteko moduaren eredu nagusietakoa.
Tradizio zeltiarrean oinarritutako doinuak eta ironia eta kritikaz betetako berbak uztartzen dituzte Bizardunek. Taldekideek eurek azaltzen dutenez, Irlandako doinu tradizionalak eta 80ko hamarkadako euskal taldeen letra \"zuzen eta politizatuak\" uztartzea dute gustuko. Nazi de fresa kantuaren letra zati hauxe hitzen ironiaren erakusle: \"Defendatuko ditut nire arbasoen ideiak botila beteta dagoen bitartean\". \"Nafar harrotasuna eta festa\" dituzte kanta askotako gai nagusi.
Euren kontzertuak \"jai kolektibo, mitin politiko edo mozkorraldi konpartitu\" izaten direla esaten dute folk zein rock taldeetan jardun duten musikariek.