Andoni Egaña: "Bertsolaritza gizarteagaz aldatzen dabil"

Anboto 2010ko mar. 5a, 14:30

DF Bertsozale Eskolan Euskal Herriko txapelketa nagusien errepasoa egin du bertsolari zarauztarrak. Txapelketak publikoaren tendentziekin batera aldatu direla esan du.

Bertsolaritza Txapelketa Nagusiaren inguruan jardungo dute aurtengo DF Bertsozale Eskolan. Lehen saioa Andoni Egañaren esku egon da, eta zazpi aldiz txapelketa nagusietako finaletan izan den bertsolariak txapelketok izaten duten eboluzioa izan du berbagai Plateruena Kafe Antzokian. [imgd]http://www.anboto.org/images/7100/7192/1.jpg[/imgd] Azken Txapelketa Nagusia aztertzeko aurretik egin direnak hartu ditu kontutan Andoni Egañak. Iazkoan izan zen jendetza dela eta (finalean 14.500 pertsona egon ziren) 1986an 8.000 pertsona batu zirela gogoratu du. \"Duela 24 urte liberatu gabe lortu zen 8.000 pertsona elkartzea; lehen ere lortzen ziren milagroak\".

Kartzelako gaien errepasoa

\"Konplikazio baten historia\". Horrela definitu du Egañak Euskal Herriko txapelketen historia. 1967ko txapelketatik honako finaletako kartzelako gaiak konparatu ditu. Nabarmendu duenez, lehen urteetan, bertsolariak bere ahotik kantatu behar zion amari, aitari, emakumeari... eta beranduago fikzioa sortu zen: \"beste pertsona batzuen paperean kantatu behar zeuden, eta bertsolariak ez zeuden ohituta\". Ordutik, animalia eta objetuen paperean ere kantatu behar izan dute kartzelako lanetan, eta formulazio oso luzeko gaiak ere jarri dizkiete. 1993ko txapelketan aukeratzeko gai bi eman zituztela gogoratu du Egañak: \"Ez da kasualitatea; bi gai ematearen oinarrian bertsozalea zegoen. Gai bakarra jendearentzat aspergarria izan ahal zela pentsatzen zuten\". Kultura aukera askoren artean aukeratzen zuen kultura sortzen ari zela aipatu du bertsolariak: \"Bertsozaleen ohituretara aldatu zen bertsolaritza\". Kartzelako gaiak asko aldatu dira. Euskal Herriko egoeraren inguruko gaiak ere egon dira tartean, eta gai bereziak ere, norbere ikuspuntutik edo fikziotik kantatu ahal izan direnak. Egañak aukera horiek ematean gauza berriak bilatu nahi izan direla nabarmendu du.

\"Bila ibiltzearen sentsazioa ederra da\"

Entzulea aldatzeagaz batera bertsolaritza ere aldatu dela nabarmendu du Egañak. Joxerra Gartziaren tesiari ere erreferentzia egin dio: \"Uztapidek txapelketako finalean amari kantatu zionean bere amari edo edonoren ama izan zitekeen horri kantatu zion. Entzule guztiek balore berdinak konpartitzen zituzten. Amaren irudi bera zutenak, sinistedunak... ziren\". Denborarekin testuinguru hori aldatu egin da: \"Apurka-apurka terreno komunetan emozionatzea zailago egin da. Hitz potoloekin emoziorik lortzen ez badugu, goazen errima askoko bertsoak egitera\". Neurrien bila, doinuen bila, estrategien bila... aritzen dira bertsolariak, eta Andoni Egañak berak azken txapelketan hori egin duela konpartitu du. Bakarkarako lau doinu izan ditu buruan: \"Ez nuen argi ikusten zelako gaiak eta zelako bertso motak kantatu behar nituen\". Doinuak eta gaiak estu-estu lotuta daudela azaldu du: \"Badaude doinuak ausentziei kantatzeko oso onak direnak, baina ez dutenak presentzientzat balio\".

Iazko txapelketako sorpresak

Iazko Txapelketa Nagusiari buruz berbetan, Maialen Lujanbiok Bergaran kantatutako bertsoak ekarri ditu gogora Egañak. Kafe Antzokiko publikoagaz izandako sentsazioak konpartitu ditu eta Lujanbiok arte obra baten atmosfera lortzeko gaitasuna duela komentatu du. Unai Iturriagak finalean kantatutakoak ere ekarri ditu Bertsozale Eskolara, eta bertso bakoitzaren amaieran sorpresak emateko duen gaitasuna nabarmendu du.

Gaiei egin zaizkien kritikak

Azken txapelketa nagusiko gaiei kritika asko egin zaizkiela ere aipatu du Andoni Egañak bere berbaldian. \"Gizartean gertatutakoarekin oso bat\" etorri diren gaiak direla uste du Egañak. \"Abokatu izan gara, argazkilari, kazetariak izan ditugu etxe azpian gure zain...\" Euskal Herriaren egoera oso presente egon dela ere esan du, eta jendeak txapelketa oso politizatuta dagoela esan badu ere zera gaineratu du: \"gertatzen ez denari ez zaio gairik jarri\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!