Christina Rosenvinge eta Tulsa gaur Plateruenean

Anboto 2010ko mar. 5a, 10:00

Plateruenean entzungai izango ditugun abeslari bien musika egiteko moduak asko parekatu izan dituzte.

Lehenago Elektrobikinis taldean jardundako Miren Iza hondarribiarraren taldea da gaur Durangoko Plateruenean zuzenean entzungai izango dugun Tulsa. Subterfuge ekoiztetxeagaz atera duten \'Espera la pálida\' da Tulsa taldeko Alfredo Nihara, Gabriel Marijuan, Miguel Guzman, Alberto Rodrigo, Charlie Bautistak eta Miren Iza musikariek ekarriko dutena. Disko berria Karlos Osinagagaz ekoizteko aukera egin du azken urteetako ibilbide musikala Madrilen egin duen Iza hondarribiarrak: Anari eta Lisabogaz ekoizleak egindako lana oso gogoko duela nabarmendu du. Hain zuzen ere, Espera la pálida disko honetako Araña kantan beragaz kolaboratu du Anarik. Madriletik Tolosarako bidea egin zuen disko hau grabatzeko, eta Nick Caven \'Into my arms\' abestiaren bertsioa ere jaso du, besteak beste, diskoan. Gaur Plateruenean entzungai izango ditugun abeslari bien, Christina Rosenvinge madrildarraren eta Tulsaren musika egiteko moduak asko parekatu izan dituzte. Bere musika ibilbidea 80ko hamarkadan abiatu zuen Rosenvingek, \'Tu labio superior\' diskoko abestiak aurkeztuko ditu Plateruenean.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!