DF bertsozale eskola hasiko da gaur

Anboto 2010ko mar. 4a, 14:00

Bigarren urtea izango da aurtengoa DF bertsozale eskola antolatzen dutena Durangoko Plateruenean.

Bigarren urtea izango da aurtengoa DF bertsozale eskola antolatzen dutena Durangoko Plateruenean. Lehenengo edizioaren arrakasta nabarmendu eta aurtengo egitaraua eman dute jakitera. Bertsogintzaren inguruko dibulgazioa egiteko helburuz, berbaldi formatuko lau saio izango dira aurten. Gaur izango da lehenengoa saioa, eta beste bana ondoren, martxoko hurrengo asteetan. DF bertsozale eskolaren aurtengo ekinaldia zabaltzeko Euskal Herriko txapela lau biderrez jantzi duen Andoni Egaña zarauztarra izango da Plateruenean. Berak bizitako Bertsolari Txapelketa Nagusiei, bertan parte hartu duen zazpi aldiei, errepasoa egingo die Egañak, aurreko edizioko parte-hartzaileen proposamenez aukeratutako gaian. 1986 eta 2009 urteen arteko txapelketen eta bertsogintzaren bilakaeraren azterketa egingo du Andoni Egañak gaurko saioan. Gai-jartzailetzari buruzkoa izango da bestalde, martxoaren 11ko bigarren saioa: Unai Elizasu eta Maite Berriozabal gai-jartzaileek gidatuko dute bigarren saioa. 2009ko Txapelketa Nagusiko gai-jartzaile taldeko kide izan ziren biak, eta txapelketako gaien inguruan jardungo dute. Gara eta Berria egunkarietan txapelketaren jarraipena egin duten Agin Rezola eta Iñaki Aurrekoetxea izango dira hirugarren saioko gonbidatuak: 2009ko txapelketak bertsogintzari egindako ekarpenak landuko dituzte. Amaitzeko, martxoaren 24ko azken saiorako, Eider Rodriguez idazlea eta Asier Altuna zinegilea gonbidatu dituzte Platerueneko saiora. Txapelketari eta bertsogintzari buruzko euren ikuspegia azalduko dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!