Durangoko Kulturalak 0-3 galdu du Zamudioren kontra. Hiru golak geldikako jokaldietan sartu dituzte. Zamudio arerio zuzena da goiko postuen borrokan eta emaitza honekin gainditu egin dituzte sailkapenean.
Durangoko Kulturalak 0-3 galdu du Zamudioren kontra. Hiru golak geldikako jokaldietan sartu dituzte. Zamudio arerio zuzena da goiko postuen borrokan eta emaitza honekin gainditu egin dituzte sailkapenean.
Durangoko Kulturalak partidu pattala jokatu du gaur (otsailak 20). Hiru golak geldikako jokaldietan sartu ditu Zamudiok, baina, oro har, jokoan ere gehiago izan dira. Partidu osoan zelai erdiaren jaun eta jabe izan dira. Ondorioz, Gorroñok eta Condek apenas izan dute baloirik jokoa antolatzeko. Moreno beti bezain gogotsu aritu da, baina ezinean partiduko zatirik handienean. Iban oso gutxi agertu da eta Zallori erritmoa eta txispa falta zaizkio. Beraz, aitzakiarik gabeko garaipena erdietsi du Zamudiok.
Lehenengo zati aspergarria jokatu dute talde biek. Hala ere, talde bat bestearen gainetik nabarmentzekotan, Zamudio nabarmendu behar. Baloiaz jabetu dira eta behetik jokatzeari ez diote muzinik egin. Kulturalak, aldiz, boladako eta jarraikortasunik gabe jokatu du. 10. minutuan Zamudioko Iker aurrelaria bakarrik geratu da Basauriren aurrean, izkin egin dio eta angulu gutxirekin gora jaurti du. Kulturalak 41. minutuan izan du partiduko aukerarik onena. Larrinagak lerro-arteko pase ona sartu dio Muniozgureni; honek beste hainbeste egin du Zallo atearen aurrean bakarri utziz, baina baloia kontrolatu eta atea begiz jo duenerako atzelari bi hurreratu zaizkio (bakoitza alde batetik) eta baloia urrundu dute.
Lezioa ikasita, bigarren zatian taldeak beste itxura bat eskainiko zuela pentsatuko zuten zaleek, baina ezta urrik eman ere. Lehenengo hamar minutuetako txinparta Iñakik itzali du Zamudioren estraineko gola sartu duenean. Ondoko sake bateko aldaratzea boleaz sareetara errematatu du. Baloi erdi-erditik sartu da. Geratzeko baloia zuen Basaurik, baina egiari zor, atezainak huts egin duela egia bada ere, baloiak aurre-aurrean eman dio botea eta despistatu egin du.
Beste ondoko sake batean sartu dute bigarren gola; Kulturalaren defentsak ez du asmatu lehen zutoinera egindako erdiraketa urruntzen eta Ikerrek, ia ateko marran, baloi sare barrura bultzatu du. Hirugarren gola, estrategia jokaldi baten ondoren iritsi dena, azpimarratzeko modukoa da. Eskuin hegaletik (hiru golak hegal horretatik iritsi dira) Aitorrek motzean atera dio falta Agerri eta honek ezkerrez zoragarri jaurti du. Angulu gutxi bazuen ere, Basauriren bigarren zutoineko ia eskuadratik sartu da baloia.
Bigarren zatian Viñas eta Xabi zelairatu dira taldea biziberritu nahian, baina aldaketek ez dute jokoaren norabidea aldatu.
Emaitza honekin Zamudiok gainditu egin du sailkapenean Kulturala. Durangoko taldeak 42 punturekin segitzen du eta Zamudiok 43 ditu orain. Datorren asteburuan Elgoibarren zelaian jokatuko du Kulturalak; ondoren, Portugalete jasoko du etxean.
HAMAIKAKOAKDurangoko Kulturala: Basauri, Beñat, Diego (73\' Viñas), Larrinaga, Unai Calvo, Moreno, Muniozguren, Gorroño, Zallo (76\' Xabi), Conde eta Iban (85\' Eriz)
Zamudio: David, Aimar, Xabier (79\' Iskander), Erlantz, Iñaki, Izpizua, Ager (82\' Santi), Ioritz, Iker (76\' Butrón), Aitor eta Egoitz
GOLAK
0-1 (63\' Iñaki); 0-2 (71\', Iker); 0-3 (78\' Ager)
TXARTELAKDurangoko Kulturala: Beñat, Larrinaga, Unai Calvo eta Muniozguren
Zamudio: Izpizua eta Iker
GAURKO EMAITZAK
Durangoko Kulturala 0-3 Zamudio
Lagun Onak 1-0 Basconia
Real Sociedad B 1-2 Amorebieta
Eibar B 1-1 Retuerto