Kanta ezagun eta maitatuak jendea jazzera ekartzeko amu

Anboto 2010ko ots. 12a, 14:53

Otsailaren 12an dakar Elorrioko Arriolara \'Te doy una canción\' Iñaki Salvadorrek.

Hiru hamarkada daramatza Iñaki Salvador piano-jotzaile eta Musikene musika eskolako irakasle donostiarrak musikari profesional legez, eta otsailaren 12an dakar Elorrioko Arriolara \'Te doy una canción\'. Jazz musika batzuetan \"hermetikoegia\" den jakitun, entzulego zabala jazz musikara eta inprobisaziora gerturatuko ditu abesti ezagun eta maitatuen bitartez. Madrilerako bidean harrapatu zaitugu, zer hitzordu daukazu Madrilen? Orain hamar egun deitu zidaten Madrilen zuzeneko musika programatzen duten aretoen elkartetik (La Noche en Vivo), jazz musikarien saria jasotzeko hautagai nintzela esateko. Eta hara noa, gaur delako sari banaketa. Hiru gara hautagaiak: Chano Domínguez piano-jotzailea, Pedro Iturralde saxo-jotzailea eta neu gara jazz saileko aukeratuak. Bien laguna naiz, biekin jo izan dut, beraz, benetan pozik nago eurekin elkartzeagatik. Lan eta proeiktu askoko momentua bizi duzu azkenaldian, ezta? Bai, baina, egia esan, kontuak ateratzen hasita ohartzen naiz adin batera ailegatu naizela: hogeita hamar urte daramatzat jazz musikari profesional moduan. Atzera begiratu eta ibilbideak askorako ematen du. Are gehiago nik egiten ditudan moduko lanetan: zentzu onean, oso promiskuoak gara. Musikari askogaz kolaboratzeko aukera izaten dugu. Talde iraunkorragoak (Mikel Laboa laguntzen 25 urtean ibili naiz, esaterako) eta lantzean behingoak uztartu ditzakegu. Azken hileetan hainbat emanaldi izan dituzu Durangaldean. Zer edo zer aldatu da herri txikietan ere jazz musika zuzenean ikusi ahal izateko? Egia esan, Elorrio kasu berezia izan da beti: blues eta jazz jaialdia mantentzen du, eta Ateneoaren zein Arriolaren aukera bikoitza eskaini izan du beti. Estatuko jazzlari askogaz berba eginda, Euskadiko beste leku batzuk ez, baina Elorrion jo izana askok gogoratzen du. Nik neuk, Chano Domínguezekin egin nuen piano bikoteagaz eskaini nuen orain zazpi urte inguru kontzertua Elorrion. Halako zirkuiturik izan ez duten herrietan ere izan zara; Berrizen, kasurako. Esango nuke Euskadiko Antzokien Sarea erakundean musika ikuskizunak ere sartu izana aurrerapausu handia dela. Musikari zabaldu diote Sarea, eta guk Te doy una canción sare horretan sartzeko zortea izan dugu. Horrek erraztu digu, lehenago jazz musika eramatea hain erraza ez zen lekuetara ere helaraztea. Elorrioko Ateneoko giroa edo eszenatoki handietakoa duzu gurago? Ikuskizunaren arabera izaten da hori: hirukoteagaz (kontrabaxua, pianoa eta bateriagaz) jotzen dudanean leku txikiagoak gurago ditut, entzulea hurrago daukazulako. Baina orain aurkezten gabiltzan Te doy una canción ikuskizunean hiru musikari, abeslari bat eta kanta bakoitzaren ondoren olerki bat irakurtzen dituzten aktore bi gabiltza, eta espazio zabalagoa eskertzen da. Nola sortu zen \'Te doy una canción\'? Urte askoan izan dudan gogoa da, jazz musika eta kantautoreen musika uztartzekoa, horiek baitira nire bi pasioak. Asko entzun ditut gaztetan Hegoameriketako kantautoreak, Chileko taldeak eta, zelan ez, euskal kantagintza ere bai. Jazz musikan sartu nintzenetik izan dut pasio bi horiek batzeko gogoa, eta oraintxe lortu dut. Abestiak dioen moduan, \"zoratuta egon barik, maitasun bi horiek aldi berean\" bizi gura izan ditut. Bertsioak egiteko abestiak aukeratzea ez zen lan erraza izango, ezta? Oso gaitza izan zen. Alde batetik, oreka bat mantendu gura nuen hizkuntzari dagokionez: euskarazko eta gaztelerazko kantak gura nituen uztartu. Diskoan eta kontzertuan, euskarazko hiru abesti oso mitiko daude: Mikel Laboaren Txoria txori, Benito Lertxundiren Bizkaia Maite eta Amaia Zubiriaren Lua, lua. Gaztelerazkoen artean, Serraten Mediterraneo, Pablo Milanesen De que callada manera bildu ditut, besteak beste. Oso abesti ezagunak izanik, seguru ahapetik kantuan aritzen direla entzuleak. Bai, eta kantak hautatzerakoan beste gakoetako bat izan zen hori: abesti ezagunak izan zitezela. Egiten den jazz musika publikoarentzako \"antipatikoa\" izaten da batzuetan, eta jazzarekiko jendearen urruntasuna eragiten du horrek sarritan: \"Bai musika intelektual eta aspergarria dela hori!\" esaten dute askok; \"Musikariek eurek ondo pasatzen dutela dirudi, baina entzuteko apur bat gogorra da\", pentsatzen du jende askok. Proiektu honetan asko pentsatu dut horretan, entzuleengana gerturatzeko helburuagaz: helburu ia dibulgatibo bategaz. Jendeari belaunaldiz belaunaldi barruraino sartu izan zaizkion abestiak aukeratzea amumoduan erabili dugu jendea jazz musikara gerturatzeko. Kontzertu honetan erdi eta erdi jotzen dugu entzuteko \"erraza\" den musika eta jazza zein inprobisazioa. Harrera, egia esan, ikaragarria izaten dabil, eta ederra da jendeari entzutea \"gozamena\" dela abesti hauen bitartez jazzean barneratzea.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!