Ibon Larrañaga: "Oso interesgarria da lehiaketa, ikasteko beste aukera bat delako"

Anboto 2010ko ots. 6a, 12:00

Durangoko Rock Izar Eskolan sortu den 18 laguneko taldearen martitzeneko entseguan izan gara, Ibon Larrañaga taldeko kide eta musika irakasleagaz berbetan. Euskal Telebistan zapatuetan ematen duten \'Oh Happy Day\' abesbatzen lehiaketan parte hartzen duen eskualdeko bigarren taldea da Rock Izar Korua: Mallabiakoagaz batera Durangoko taldea ere ordezkari dugu. Gaur gauean ikusiko dugu telebistan.

Zelan doa lehiaketaren martxa? Euskal Herriko bederatzi koru gabilz orain Oh Happy Day lehiaketaren finaletan. Lehenago, Oh Happy Day Bidean izeneko lehiaketa egon zen, eta bertan zortzi abesbatza aukeratu zituzten finalean aritzeko. Guk aurre-aukeraketa horretan ez genuen parte hartu, baina pare bat abesbatzek arazoak izan zituzten lehiaketan jarraitzeko, eta leku horiek betetzea proposatu ziguten. Gure eskolan programarako behar zuten profila genuela iruditu zitzaien. Zelan zoazte lehiaketan? Honezkero saio bi emititu dira, eta bihar, otsailaren 6an emango dute hirugarrena. Kanporaketa bat pasatu, eta aurrera jarraitu dugu. Zelan sortu zen taldea? Saioan kantatu ahal izateko barne-aukeraketa horretan parte hartzeko gonbidatu gintuztenean hasi ginen taldea osatzen. Rock Izar Eskolako ikasleak, irakasleak eta lagunak elkartu ginen: eskolako kantuko irakaslea, Mar, da koruaren zuzendaria, Alain bere laguntzailea da, eta beste bi irakasle gaude —Mikel Nuñez eta neu. Beste kideak ikasleak dira? Eskolako ikasleak eta eskolatik kanpoko lagunak ere badaude. Ikasleak, gainera, ez dira denak kantukoak: gitarra eta pianoko ikasleak ere badaude. Eskolan kantua ikasi ez arren, koruan parte hartzera animatu dira. Taldea guztiz osatuta, saioa hasi baino denbora gutxi lehenago izan genuen; dena arineketan prestatzen joan behar izan dugu. Astero elkartzen zarete saioak prestatu eta entseguak egiteko? Astero aste horretako saiorako abestia prestatzen dugu: astean hirutan batzen gara. Lan handia da, entseguak egiteaz gainera, programa grabatzeak ere denbora eta lana eskatzen baitu. Entseguak luzeetakoak izaten dira. Abestia eta koreografia aukeratzeaz gainera, estilismoa ere pentsatu beharra dago, orain esaterako horretan gabiltza: etxetik ekarritako zer arropa aukeratu pentsatzen. Banatu egin behar izango dituzue egiteko guztiak, ezta? Bai, bestela ezinezkoa litzateke: adibidez, Mar zuzendaria da koreografien, ahotsen eta musika konponketen arduraduna. Berak prestatzen ditu, eta gero hona ekarri eta denon artean lantzen ditugu. Beste taldekide bat estilismoaren arduraduna da, beste batek bidaiaren kontua antolatzen du —publikorako nor datorren, autobusa...— Ideiak, baina, denon artean sortzen joaten gara. Eskolako jendea elkartzeko modu aproposa, ezta? Guretzako eskola moduan, oso gauza interesgarria da, ikasteko beste modu bat delako. Esperientzia oso ona da denontzat; eszenatoki batean abestea, eta gainera telebistan egitea —zailagoa dena—, ikasteko beste esperientzia bat da. Bestalde, eskolan egiten dugun lana kanpoan erakusteko modua ere bada; egiten dugun lana kanpora ateratzea. Teknika sakon lantzeko aukerarik egon ez arren, espresioa, erritmoa, estilo ezberdinak eta ikasteko aukera da. Ahotsaz gainera, beste instrumenturik erabiltzen duzue emanaldietarako? Abesti batzuk grabatutako base bategaz egiten ditugu, eta beste batzuk grabatutako oinarri barik, pianoak lagunduta. Talde oso bat ezin da platoan sartu, baina instrumentu solteak sartzen uzten digute. Orain arte ez du talde askok egin, uste dut gu izan garela instrumenturen bat sartu dugun lehenengoak. Gure asmoa, hurrengo emanaldietan harmonika sartzea da adibidez. Zelan aukeratzen dituzue kantatuko dituzuen abestiak? Kanta batzuk antolakuntzak berak aukeratzen ditu, eta beste batzuk geuk. Batez ere abesti onak aukeratzen saiatzen gara, guretzako oso inportantea da hori. Kantak guk hautatu gabeak izaten direnean, askotan ez dira kanta onak izaten, eta horrek zaildu egiten du gure lana. Gure Eskolan asko lantzen dugu hori: jendeak musika ona entzutea eta apreziatzea. Ikusten dugu gero eta gutxiago gertatzen dela. Ahotsen aldetik konponketa politak egiteko aukerak ematea ere izaten dugu kontuan. Baita, antzezteko orduan, istorio bat kontatu ahal izatea. Hurrengo bi saioetarako Piano Man eta Fever kantak hautatu ditugu. Aukerarik ikusten duzu lehiaketa irabazteko? Lehiaketan lan ona egiteko aukera dugula ikusi dugu orain arteko saioetan. Aurrera segitzeko maila nahikoa dugula uste dut. Noraino zaila da jakiten, baina aurrera jarraitzeko aukera ikusten dugu, bai.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!