Gorringo Antzerki taldearen 'Xabinaitor' gaur Durangon

Anboto 2010ko ots. 7a, 14:00

Gorringo Antzerki Taldeak Xabinaitor eta Pololoen superheroia antzezlana eskainiko du gaur San Agustinen.

Gorringo Antzerki Taldeak Xabinaitor eta Pololoen superheroia antzezlana eskainiko du gaur San Agustinen, 19:00etan. Nagore Aranburuk moldatu, eta Patxi Gallego marrazkilariaren izen bereko komikiak oinarri hartuta osatu duten lana da Xabinaitor. \"Paperetik errealitatera ekarriko dugu Xabinaitor Durangon\", aurreratu digu antzezlanean Ertzainaren papera egiten duen Alkainek. Azaldu digunez, \"berez istorio poliziako bat da hau\", eta Xabino Lizubiaga protagonistaren papera egiten duen Mikel Pagadizabal harrapatu guran ematen du Alkainek antzezlana. Komikiaren lehenengo alean oinarrituta, Xabino Lizubiaga Xabinaitor izatera zelan ailegatu zen, eta \"euskal poxpolinen lurrin salbatzearren\" bere boterea nola baliatzen duen ikusi ahalko dugu emanaldian. Kortajarena izeneko Ertzain laguntzailea, Almerian ezagutuko dituzten pertsonaje berezi bi, Xabinoren gurasoak eta \"poxpolinak\" dira antzezlaneko protagonistak. \"Oso modu zurian kontatzen ditugu gauzak\", azpimarratu du Alkainek, \"euskarazko ikuslego zabalari zuzendutako barre egiteko istorio bat da\", esan digu. \"Domeka arratsalde tontoa igarotzeko\" proposamen interesegarria, \"ganberrada\" bat dela Xabinaitor laburbildu du Alkainek. Euskaraz antzerki koloretsua egiteko helburuz dihardutela Gorringo antzerki taldean nabarmendu digu, \"serioa eta grisa\" barik, \"serioa eta koloretsua\" den euskarazko antzerkia sortu guran.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!