Kulturalak 1-0 menderatu du Beasain

Anboto 2010ko urt. 30a, 19:32

Partidua hasi aurretik Beasain play-off postuan zegoen eta Kulturala puntu bakarrera. Orain, durangarrak kokatu dira play-offetako postuan.

Partidua hasi aurretik Beasain play-off postuan zegoen eta Kulturala puntu bakarrera. Unai Calvoren golak sailkapeneko postu bi horiek irauli ditu. Orain, durangarrak kokatu dira play-offetako postuan. Hain zuzen hirugarren jarri dira Zamudiok 0-1 galdu duelako etxean Zallaren kontra. Euriak erabat baldintzatu du norgehiagoka. Zelai astunak alderdi fisikora bideratu du neurketa. Hala ere, partidu gustagarria izan da, batez ere, jokalarien, entrenatzaileen eta zaleen aldetik nabari zen tentsioagaitik. Lehen zatiko luzapenean iritsi da partiduko gol bakarra. Falta baten ondorengo erdiraketa ezin izan du inork errematatu, baina aldaratzea bigarren zutoinetik sartu zen Unai Calvori iritsi zaioa eta ez du barkatu. Beasainek hobeto ekin dio partiduari. Lehenengo 25 minutuak eurenak izan dira. Ez dute arrrisku handirik eraman Basauriren inguruetara, baina geldikako jokaldietan sustoren bat edo beste eragin dute. Euria geratu eta zelaia apur bat leundu arte Kulturalak luze erabili du baloia Joseba Garcia eta Muniozgurenen buruaren bila. Beasaineko zentralek, ordea, ez diete arnasarik hartzen utzi. Lainoek atseden apur bat eman dutenean, Conde eta Gorroño baloia jokatzen hasi dira eta Kulturalak gora egin du. Lehenengo aukera garbia orduerdia bete aurretik iritsi da. Condek oso urrunetik jaurti arren atezainak ezin izan du baloi eskuetan hartu; aldaratzea Muniozgureni iritsi zaio eta gehiegi gurutzatu du baloia. Hurrengo jokaldian ere Beasainen atezaina ez da finegi ibili. Alboko sake bat urruntzera irten da eta ez du baloirik ukitu; aldaratzea Gorroñok boleaz errematatu du, baina kanpora. Atezaina urrun zegoen, baina hala ere hainbat jokalari zeuden Gorroñoren eta goleko marraren artean. Kanpora jaurti arren intentzioz eta dotore jo du baloia. Bigarren zatia ere ildo beretik joan da. Joko bistosorik ikusi ez arren, inor ez da aspertu. Geldi egoteko hotz handia zegoela; horixe aitzakia bakarra. Talde biek erritmoa bizian ekin diete bigarren 45 minutuei. Beasaingo Artola jokalariak izandako aukerak, Muniozgurenen eta Ibanen jaurtiketa banatan aurkitu du erantzuna. Oro har, Kulturala nagusi izan da lehen orduerdian. Borroka taktikoa Azken minutuetan zelaian adinako borroka egon da aulkietan: borroka taktikoa. Beasainen aldaketa bakoitzari beste batekin erantzun dio Axier Intxaurraga Kulturaleko entrenatzaileak. Partidua arriskutsu ipini zitekeela nabaritu duenean Bernaola eta Asier zelairatu ditu Gorroño eta Conderen ordez. Hortik aurrera kontraerasoan jokatu dute eta Zallok (Joseba Garcia ordezkatu du) eta Muniozgurenek aukera paregabe bi huts egin dituzte; atezainaren aurrean bakarrik geratu dira eta ez dute asmatu. Beasainek luzapenean berdintzeko aukera izan du Salcedoren burukada baten bidez. Horixe izan da lehiako azken aukera. Hurrengo partidu biak etxetik kanpora jokatuko ditu Kulturalak: Lagun Onak eta Baskoniaren kontra. Tabiran jokatuko duen hurrengo neurketa Zamudioren kontrakoa da. Zamudio hirugarren dago sailkapenean. HAMAIKAKOAK Kulturala: Basauri, Beñat, Diego, Larrinaga, Unai Calvo, Moreno, Muniozguren, Gorroño (66\', Bernaola), Joseba Garcia (66\', Zallo), Conde (71\', Asier) eta Iban Beasain: Iglesias, Iraola, Aimar, Pastriain (55\', Asensio), Imaz, Arregi (69\', Alberto Alejandro), Urki (62\', Ruben), Kristian, Joel, Artola, Salcedo TXARTELAK Kulturala: Larrinaga eta Iban Beasain: Imaz GAURKO BESTE EMAITZAK Baskonia 1-1 Gernika Zamudio 0-1 Zalla Elgoibar 2-0 Laudio Salvatierra 0-1 Eibar
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!