Partidu bat eta helburu bi

Anboto 2010ko urt. 22a, 16:04

Durango Ilarduyako talde nagusiak Urrezko Kopako ligaxkara sailkatzeko azken kanporaketa fasea jokatuko du igandean

Durango Ilarduyako talde nagusiak Urrezko Kopako ligaxkara sailkatzeko azken kanporaketa fasea jokatuko du igandean, 12:00etan, Hernanin. Hauek kanporatuz gero, Ohorezko A Mailako —goragoko maila— beste hiru taldegaz osatutako ligaxkan erabakiko litzateke irabazlea. Saria tentagarria da: Irlandako talde baten kontra jokatzeko aukera; segurutik, Irlandan bertan. Hala ere, DRTk Hernaniren kontrako lehia, Vigoren aurkako hitzordurako preparazio moduan ere baliatuko du. Ligan estu dabiltza, eta hilaren 31n Vigo menderatuta arerio zuzena atzean uztea lortuko lukete. Beraz, partidu bakarrean helburu bi izango ditu Durango Rugby Taldeak. Liga hasiera eskasaren ondoren, orain sasoiko dago Aratz Gallastegik zuzentzen duen taldea; denboraldiko unerik gozoenean, beharbada. Joan zen asteburuan 26-10 kanporatu zuten Eibar, Urrezko Kopako lehenengo kanporaketa fasean. Melean, defentsan, hiru-laurdenetan… denean gehiago izan ziren durangarrak. Urtarrilaren 10ean, berriz, Bartzelona ahaltsua bisitatu zuten, eta 28-22 galdu arren, puntu bi batu zituzten, lau entsegu lortzeagatik eta 7 puntu baino gutxiagogatik galtzeagatik. Emaitza oso ona da ligako oilarretako baten kontra. Etziko partidua orekatua izango dela dirudi. Egia da Hernani nahiko erraz nagusitu zaiela ligako partidu bietan, baina orduan Durangoko taldea orain baino makalago zebilen. Ohorezko A Mailarako ligaxkara sailkatzea lortuko balute, Ordizia, Gernika eta Bera-Beraren kontra partidu bana jokatu beharko lukete, Urrezko Kopako irabazlea nor den erabakitzeko. Vigoren kontrako partiduak ere badu mamia. Lehen itzulian 17-12 galdu zuten kanpoan. Partidu orekatua jokatu zuten, azkenean amore eman behar izan zuten arren. Sailkapenean ere DRTk (13 puntu) orpoz orpo du promozio postuetan dagoen Vigo (12 puntu). Beraz, Arripausuetan jokatuko duten partiduak txinpartak atera ditzake.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!