Kulturalak 2-1 menderatu du Zalla eta goiko postuetan darrai

Anboto 2010ko urt. 18a, 12:57

Lehen zatian bideratu du partidua Kulturalak (2-0). Bigarrenean Zalla ahalegindu da, baina arrisku handirik sortu gabe. Eroso esatea gehitxo da beharbada, baina Kulturalak nagusitasunez menderatu du Zalla. Erritmo bizian hasi dute partidua zelai erdian ondo presionatuz eta, behin baloia berreskuratuta, Xabik eta , batez ere, Gorroñok ezker-eskuin oso burutsu banatu dute jokoa. Lehen zatian iritsi dira durangarren gol biak. Bigarrenari ekin orduko Zallak aurrelari bat atera du, zelai erdiko baten ordez. Hala ere, oso gutxitan urreratu dira Garikoitz Basauriren atera. Partiduaren hondarrean abantaila gutxitu dute, baina oro har, Kulturalak merezita batu ditu hiru puntuak. Lehen zatiko 15. minutuan iritsi da Kulturalaren lehen gola. Ondoko sake bateko aldaratzea jaso du Aitor Zallok eta, ahoko zuloko baloia zuen arren, azti eta bizi ibili da hanka luzatu eta baloia sareetara bidaltzeko. Handik bost minutura Kulturalaren erdiraketa bat urrundu nahian zebilen Willyk bere atean sartu du gola. Ondoren jokaldi azpimarragarria egin du Mikel Muniozgurenek; area barruan baloia kalitatez kontrolatu eta buelta erdian jaurti du, baloia atezainaren irismenetik urrun jarriz. Baloia zutoina igurtziz kanpora joan da. Gol gehiago sartzeko aukerak ere izan dituzte; esaterako, kontraeraso batean, Gorroñok pase bikaina bidali dio ezker hegaletik abiadan sartu den Ibani eta honen erdiraketa ezin izan du Zallok ondo errematatu dena alde zuenean. Zallak ere izan du bera aukera, baina Basaurik ondo desbideratu du Alex Díezek ia aurrez aurre egindako jaurtiketa. Bigarren zatia parekatuagoa izan da eta ez hain ikusgarria. Zallak ideia eta ahalmen handirik gabe jo du aurrera eta apenas sortu du aukerarik. Kulturalaren errendimenduak ere behera egin du; lanean ondo segitu dute, baina lehen zatiko grinarik gabe. Ondorioz, ez batzuek ez besteek, ia ez dute aukerarik izan. Azkenengo bost minutuek zeresan gehiago eman dute gainerako bigarren zati osoak baino. 85. minutuan Txumaik min hartu du Kulturalaren area inguruan. Durangarrek baloia kanpora bidali dute, lurrean zegoen jokalaria atenditu zezaten. Ondoren, Zallak ez du baloiaren jabetzea itzuli eta jokaldi horretantxe sartu du gola Zuberok. Gertakari horrek sutu egin ditu zaleak. Azkenean, Kulturalak markagailuari eustea lortu du. Garaipenarekin Kulturalak goiko postuetan darrai 37 punturekin. Egun gutxiren barruan sei puntu batu dituzte. Izan ere, asteartean 0-2 irabazi zioten Laudiori elurraren ondorioz atzeratutako partiduan. Datorren asteburuan Gernikaren kontra jokatuko dute. HASIERAKO HAMAIKAKOA Durangoko Kulturala: Basauri, Eriz, Viñas, Asier (Txumai, atsedenaldian), Unai Calvo, Moreno, Muniozguren, Gorroño, Zallo (Joseba Garcia 53\'), Xabi (Bereziartua 75\'), Iban. Golak: 1-0 (Zallo, 15\'), 2-0 (Willyk bere atean, 21\'), 2-1 (Zubero, 88\') Txartelak: Kulturala: Viñas, Iban eta Joseba Garcia. Zalla: Galder, Gauna, Alex Díez.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!