Puntu biko aldearekin (77-75) irabazi zuen norgehiagoka Tabirakok.
Puntu biko aldearekin (77-75) irabazi zuen norgehiagoka Tabirakok.
Bete-beteko partidua jokatu zuten Tabirakok eta Zornotzak. Derbiak izan ohi diren moduan, intentsitatea eta borroka izan ziren protagonista nagusi talde bien aldetik. Partidua batak zein besteak irabazi zezakeen. Tabirakok 11 puntuko gehienezko aldea izan zuen partiduan zehar, baina Zornotzak ere izan zuen zortzi puntuko abantaila. Partidua amaitzeko 55 segundoren faltan zornotzarrak lau puntuz aurretik zihoazen eta azken unean Tabirakok berdintzea lortu zuen.
Luzapenean ez zuten gidoirik aldatu. Bataren saskiraketari segituan erantzuten zion besteak. Azkenean, kontraeraso batean lortutako saskiraketa batek erabaki zuen neurketa. Tabirakok hartutako puntu biko aldea ezin izan zuen berdindu Zornotzak.
Hilario Perez Tabirakoko lehendakariak taldearen lehiakortasuna azpimarratu du: \"Azkenera arte borrokatu genuen. Talde gaztea dugu, generazio aldaketa eman da eta talde honengan konfiantza dugu\". Partiduari dagokionez, baina bat bakarrik jarri du: \"Jaurtiketa libreetan ahul ibili ginen. 19tik 13 bakarrik sartu genituen\". Unai Zamalloa Zornotzako entrenatzaileak ere ez dago guztiz gustora partiduarekin: \"Puntu biko jaurtiketetan %34 portzentaia izan genuen eta batekoetan %55ekoa. Gaimnera, une erabakiorretan erasoko hiru errebotek ihes egin ziguten; horrela zaila da\".
Garaipenarekin Tabirakok harrapatu egin du Zornotza sailkapenean (seina garaipen eta porrot). Gainera, azken bost neurketatik lau irabazi ditu. Liga kaskar hasi zuten, baina orain oso bolada gozoan dabiltza. Datorren asteburuan Seky.es taldearen kontra jokatuko dute etxetik kanpora. Irabaziz gero, hauek ere harrapatu egingo lituzkete sailkapenean.
Zornotza ere behetik gora dator, nahiz asteburuan galdu. Tabirakoren kontra galdu aurretik, lau partidu segidan irabazita zeuden Unai Zamalloaren gizonak. Asteburuan Padura jasoko dute etxean. Padurak Zornotzak baino garaipen bat gehiago du. Beraz, durangarren antzera, Zornotzak ere igoera faseko arerio zuzena harrapatu dezake asteburuan.
Deigarria da gizonen lehenengo mailan dagoen berdintasuna igoera faserako borrokan. Sei talde garaipen baten barruan daude.