Partiduz partidu, baina gora begiratzeko tentazioagaz

Anboto 2010ko urt. 8a, 15:45

Asteburuan Laudio bisitatuko dute; Bigarren B Mailatik fitxatutako jokalariz jositako taldea da, eta uste baino eskasago dabilena

Kulturalaren aurtengo denboraldiko helburu nagusia argi dugu denok, klubetik behar izan den aldiro errepikatu dutelako: azken urteetako estuasunak albo batera utzi, eta mailari soseguz eutsi. Hala ere, taldearen martxa ikusita, zaila da, zeharka bada ere, sailkapenaren lehen lau postuei ez begiratzea. Santurtziren kontrako estropezuak (1-2) bederatzigarren postura jaitsi ditu durangarrak, baina aurten berdintasuna zeinu duen Hirugarren Mailan, gertu, lau puntura dute play-offeko postua. Liga erdia joan da, eta kasualitateak aspaldi amaitu ziren. Kulturalak indartsu darrai, eta emaitzek beti laguntzen ez badute ere, Axier Intxaurraga entrenatzaileak jokoari ematen dio garrantzia: \"Santurtziren kontra aukera asko izan genituen. Baina bat jartzekotan bigarren goleko jokaldia jarriko nuke. Goian geundela, kontraerasoan harrapatu gintuzten, eta ez ginen jokaldia falta batez geratzeko kapaz izan\". Asteburuan Laudio bisitatuko dute; Bigarren B Mailatik fitxatutako jokalariz jositako taldea da, eta uste baino eskasago dabilena. Nork esango zuen liga hasieran, play-offetarako hautagai garbia zena hain estu —azken laugarren— ibiliko zenik eta mailari lasaitasunez eustea beste helbururik ez zuenak, barriz, faborito legez bisitatuko zuenik Ellakuri zelaia. Hala ere, Intxaurraga ez da fidatzen: \"Garaipenaren bila goaz, baina errespetuz, Laudiok jokalari onak dituelako\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!