Iñaki Alonso: "Ardura handiko maila da, baina baita bizipen zoragarria ere"

Anboto 2010ko urt. 8a, 08:11

Denboraldi erdira iristear, Iñaki Alonsorekin (Durango, 41 urte) batu gara Real Unionen orain arteko lana aztertzeko. Bere futbolari eta entrenatzaile ibilbideko gomutak eta istorioak ere kontatu dizkigu.

Denboraldi erdira iristear, Iñaki Alonsorekin (Durango, 41 urte) batu gara Real Unionen orain arteko lana aztertzeko. Bere futbolari eta entrenatzaile ibilbideko gomutak eta istorioak ere kontatu dizkigu. Jaitsiera postuetan zaudete eta asteburuan Levante bisitatuko duzue. Borrokatzeko eta sufritzeko beste partidu bat. Levante mailako oilarretako bat da, eta talde ona dauka. Hala ere, guk geure buruari begiratu behar diogu, horretan ere badaukagu-eta lana. Etxetik kanpora dinamika txarrean gabiltza aspaldian, eta bolada horixe apurtu behar dugu. [imgd]http://www.anboto.org/images/6800/6857/1.jpg[/imgd] Kanpoan lau puntu bakarrik batu dituzue; etxeko puntuen mende egotea arriskutsua da. Egia da, eta hainbat adibide aurkitu daitezke, batez ere, talde igo berrien artean. Esaterako, iaz Girona etxean oso ondo ibili zen eta etxetik kanpora, berriz, asko kostatu zitzaion. Bigarren Mailak kalitatea ere eskatzen du. Aurten aurkariek gutxi eginda irabazi izan digute behin baino gehiagotan. Lehiakorragoak izan behar dugu etxetik kanpora. Urtarrilean hiru neurketa etxetik kanpora dituzue; Levante, Hercules eta Recreativo. Bai, urtarrileko aldapa izango da. Erronka gogorra da, baina duintasunez gainditzen badugu, taldeak adorea hartuko du. Irakurketa hori egin behar dugu. Zelan aldatu dizu bizitza Bigarren Mailan entrenatzeak? Orain ezin ditut iaz arteko lana (Etenbako Prozesu eta Hobekuntza Reingenierian aditua) eta futbola uztartu. Eszedentzia hartu behar izan dut. Orain dena oso profesionala da, eta zehaztasunik txikienagaitik irabazi edo galdu zenitzake partiduak. Bigarren Mailak ardura handia eskatzen du, baina hau bizitzeko aukera izatea zoragarria da, egunero ikasten zabiltzalako, zeure burua apurka formatzen. Zelaitik kanpora ere gogorra da. Esaten edo egiten den orok komunikabideetan isla izaten du. Zelan daramazu alderdi hori? Hemen gauza bat esan, eta handik bost minutura Malagan badaukate horren berri. Lehen planteamendu txar baten kritikarik ez genuen jasotzen Marcan; orain batzuetan bai. Alde horretatik igartzen da. Oihartzun mediatikoa handiago da, zalantzarik barik. Orain hasieran baino zuhurragoa zara adierazpenetan? Neurria hartu behar zaio. Iaz Cadizekin gertatu zena, esaterako –play-offetako etxeko neurketa 0-1 galdu arren, arazoa Cadizek zeukala esan zuen—. Taldea motibatzea zen helburua, baina esandakoa arin zabaldu zen, eta transzendentzia handia eman zitzaion. Beraz, bai, prentsaurrekoek zuhurrago jokatzea eskatzen dute orain. Garai lako herri trankil eta bukolikoan bizitzeak laguntzen du barne oreka hori aurkitzen? Baietz uste dut. Haize freskoa ondo etortzen da. Entrenatzen duzun taldeko herri berean ez bizitzeak ere laguntzen du. Toki berean bizi bazara, une onetan zoriontzen zaituzte, txarretan kritikatu… Beti denen ahotan. Gurago dut hortik aparte bizi. Zure ibilbidea aztertuta, inork ezin du esan ezer erregalatu dizunik. Behe-behetik hasi zinen entrenatzen. Kimu mailan hasi nintzen Kurutziaga ikastolan. Futbola utzi ondoren, hiru urtean Abadiñoko kadeteak entrenatu nituen. Apurka-apurka Berrizera iritsi nintzen. Handik Hirugarren mailara salto egin nuen, Eibar B entrenatzeko. Ondoren Kulturala eta Lemona etorri ziren, harik eta Real Unionetik deitu zidaten arte. Behe-behetik hasi eta kategoria askotatik pasatu naiz. Durangaldeko taldeen ibiliak jarraitzen dituzu? Lehen joaten nintzen partidu banaka batzuk ikustera, Berrizera edo Durangora. Orain, asteburu asko kanpoan ematen ditugu, eta zailagoa da. Baina bertatik bertara ez bada ere, saiatzen naiz segitzen. Kulturala indartsu dabil aurten. Txintxurreta-Intxaurraga binomioak funtzionatzen du. Emaitzak lortzen direnean ez da kasualitatea izaten. Axierrek (Intxaurraga) kanpoan entrenatu izan du emaitza onak lortuz, eta etxea ere ezagutzen du. Fitxaketek ere errendimendua eman dute. Uste dut denboraldi amaierara arte goiko postuen borrokan ibiliko direla. Kulturalean jokatutakoa zara. Zer gomuta dituzu? Oso ondo pasatzen genuen eta asko disfrutatu nuen. Gogoan dut denboraldi batean, gazte mailan jokatzen nenbilela, erdilaria izanda 19 gol sartu nituela. Aurredenboraldi bat lehenengo taldeagaz egin nuen, baina sasoi hartan Bigarren B Mailan zegoen, eta zaila zen gora heltzea. Zurrumurru batzuek Athleticen orbitan kokatzen zaituzte. Azken urte bietatik honako zurrumurrua da. Irakurri izan dut Bilbao Athletic entrenatuko nuela eta antzerakoak. Orain daudenak lan ona egiten dabiltza. Nik lehenengo ikasgai guztiak gainditu behar ditut; orain Bigarren Mailako ikasgaia aprobatu guran nabil. Ikusiko dogu etorkizunak zer dioen. Zer eskatzen diozu urte berriari? Zorte apur bat. Zortea bilatu egin behar da, baina zorte apur bat gehiagogaz, lau-bost puntu gehiago edukiko genituzke, eta hori asko da maila honetan. Ofizio apur bat be eskatuko nuke. Taldea batuta badago azken unera arte borrokatuko dugu. Futbolaz gainera zer beste afizio daukazu? Arrantza. Denpora daukadanean berreskuratu gurako nukeen afizioa da.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!