Joseba Sarrionandia idazle iurretarraren olerkigintza lanetako berba eta irudiak oinarri hartuta, Gaitzerdi antzerki taldearen babesean sortutako Kabia ikerkuntza taldeko hamar antzerkigile gaztek sortu duten \'Decir lluvia y que llueva\' antzezlanaren estreinaldia izango da zapatuan San Agustinen.
Urtarrilaren 9an, zapatuan, 20:00etan, Durangoko San Agustin Kulturgunean antzeztuko dute lehenengoz Decir Lluvia y que llueva obra Gaitzerdi taldearen barruko Kabia ikerkuntzarako taldeko hamar antzezleek.
Hilabete eman dute Durangoko antzoki honetan antzezlana jendaurrean erakutsi aurreko azken ukituak ematen, eta bertan egin dute komunikabideen aurreko aurkezpena ere, martitzenean.
Onen-onena emaitza San Agustingo emanaldian ikustea dela iradoki arren, ikuskizunari buruzko azalpenak eman zituzten sortzaile gazteek. Urtarrilaren 9an, bihar, San Agustinen estreinatuko dutena \"zoriontasunari buruzko gogoeta bat; poema ikusgarri, soinudun eta antzerkizko bat\" bezalakoa dela azaldu zuen obraren zuzendaria den Borja Ruizek.
Durangon aurkeztuko dutena Joseba Sarrionandiaren poesian eta mundu onirikoan oinarrituta sortu duten antzezlanaren gaztelerazko bertsioa da: ia bi urtean zehar landu eta fintzen jardun dutena. Taldekideek aurreratu digutenez, udazkenerako nahi dute euskarazko bertsioa, Euria esan eta euria erortzea, oholtzaratzeko moduan izatea.