Gerediaga Elkarteak ikastolen hasierako garaietako andereñoen lana goraipatu guran, \'Argizaiola\' saria eman die. \'Gauean argi\' sari banaketa zapatuan izan zen, San Agustinen.
Euskara eta euskal kulturaren alde lan egiten duten erakunde eta pertsonak gogora ekartzeko, Argizaiola saria banatzen du urtero Gerediaga Elkarteak Azokako egunetan.
Aurten, ikastolen hasierako garaietan andereño izan zirenen lana gogora ekarri eta saritu gura izan dute Azokako arduradunek. Euskal kulturaren erakusleiho den Durangoko Azokak emakume horiek Ikastolen mugimenduaren alde jarritako lehenengo harria eskertu eta saritu du.
Garai hartako bost andereñok islatu dituzte Euskal Herri osoko irakasle haiek. Hegoaldeko lurralde bakoitzeko andereño bana aukeratu dute, eta Iparraldeko beste bat.
Bizkaiko andereñoen izenean saria jasoko duen Begoña Aranguren Berrizen hazitakoa da. Gainerakoak, Izaskun Arrue (Araba), Libe Goñi (Iparralde), Izaskun Gastesi (Nafarroa) eta Karmele Esnal (Gipuzkoa) dira.
Barakaldoko ikastolan 18 ikaslerekin ekin zion Begoña Arangurenek eskolak emateari. \"Gustura egin genuen lana izan zen, eta inoiz ez genuen pentsatu horregatik sari bat jasoko genuenik\", azaldu digu. Baliabide gutxirekin eta kondizio eskasetan behar egin zuten arren, pozik egindako lana izan zela azaldu digu andereñoak.
Gurasoek ere euren seme-alabak euskaraz ikasteko sasoi haetan egindako lana ere azpimarratu du Arangurenek: \"Guraso eta irakasleok bat egin genuen. Beti elkarrerekin lan eginez, familia bat ginen. Eskolako orduetatik kanpora ere behar handia egin genuen denok\". Begoñaren berbatan, ekimen haren arrakasta gaur egun ikastolek daukaten arrakastan islatzen da.