Kulturaren ateak zabalik

Anboto 2009ko abe. 4a, 11:52

Zabaldu ditu ateak 44. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak. Martitzenera arte, euskal kulturaren topagune izango da, produktu, aurkezpen eta ekitaldiz josirik. Kataluniako kultura ezagutzeko aukera ere emango du Azokak.

Martitzenera arte, euskal kulturaren topagune izango da, produktu, aurkezpen eta ekitaldiz josirik. Abenduko zubiarekin batera, badator aurten ere Durangoko Azoka. Saltoki, baina, batez ere, elkargune: idazle eta irakurle, musikari eta entzule, lagun eta ezagun, bertako eta kanpoko... Edizio honetan, euskal kultura Kataluniakoarekin elkartzeko saiakera egingo dute; horixe da gaia, eta Ramón Llull Institutua ohorezko gonbidatua. Hain zuzen ere, Andreu Carranza idazle katalanaren berbaldiak zabalduko du Azoka ofizialki, gaur, 19:00etan. Gainera, hango sortzaileek leku berezia izango dute egitarauan. 292 stand atondu dituzte Barrenkale, Artekale eta Goienkale izeneko kaleetan; aurten 14 eskari berri egon dira. Erakusmahai horietatik 279 arruntak izango dira, eta gainerakoak teknologia berriei dagozkienak. Produktuen kasuan, 459 nobedade izango dira; gehienak, 308, liburuak direlarik. Jakina denez, Durangaldeko Adiskideen Gerediaga Elkartea da Azokaren bultzatzaile eta antolatzailea. Kultur ondarearen babes eta zabalkundea helburu izanda, dagoeneko 44. edizioa du Azokak, eta hasierako urteetatik gaurdainoko ibilbidean hainbat moldaketa edo berrikuntza izan dira. 1992an Argizaiola omen-saria banatzen hasi zen Gerediaga, beste sasoi batzuetan ?gauen argi? izan zirenek egindako lana goraipatzeko. Ikastolen hastapenetan andereño izandakoek jasoko dute omena.

Zabalpena

Azokaren ibilbide historikoan zabalpena izan da beste elementu garrantzitsu bat: Azoka hutsa baino gehiago da, dudarik barik. Horren adierazle dira Aurkezpen Aretoa, Haur Literatur Aretoa eta Ahotsenea proiektua, esate baterako. Aurkezpen Aretoan, Pirritx eta Porrotx, Jon Enbeita bakarlaria eta Jon Arretxe idazlea izango dira, besteak beste. Haur Literatur Aretoan eskulanak, ikuskizunak, bideo emanaldiak eta irakurketa librea antolatuko dira, aurkezpenez gainera. Txikienen gozagarri, han ariko dira Alaitz Muro, Agurtzane Villate, Miren Agur Meabe, Toti Martinez de Lezea... Ahotsenea proiektua joan zen urtean jaio zen sortzaileen eskutik. Dozenaka artista pasatuko da eraikin nagusiaren ondoan egokitu duten karpatik: Unai Elorriaga, Ken7, Rafa Rueda... Bestalde, ezin ahaztu Elkartegian ere makina bat hitzaldi egongo dela: adibidez, Puntueus eta Puntucat proiektuen egoera aztertuko da hilaren 8an; euskal kultura katalanarekin lotuz saio bat baino gehiago eskainiko da, eta internetek liburuaren industrian daukan eraginaz hitz egingo dute adituek. Hau guztia, pantaila erraldoi batean ikusi ahal izango da, Azoka TB proiektu berriari esker. ETB3, Hamaika eta Goienaren eskutik, ekitaldien irudiak bistaratuko dira bertan. Goizeko 10:30ean zabaldu eta 20:00etan itxiko dira egunero ateak. Ongi etorria eginez, Lur Merino bilbotarrak diseinatutako kartela agertuko da Landakon, kultura hotzetik epelera dakarren eraikinean.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!