VIII. aldia beteko du Joseba Jakaren oroimenezko lasterketak

Anboto 2009ko abe. 2a, 09:12

Orain zortzi urtetik hona ohitura den legez, Euskal Liburu eta Disko Azokaren azken egunean, abenduaren 8an, Joseba Jakaren Oroimenezko VIII. Herri Lasterketa korrituko dute Durangoko kaleetan zehar. Euskarria Kirol Elkarteak antolatzen duen lasterketa urteroko hitzordua bihurtu da. Bidezabal Atletismo Taldea eta Iurretako Txirrindulari Elkartea ere laguntzaile lanetan arituko dira.

Orain zortzi urtetik hona ohitura den legez, Euskal Liburu eta Disko Azokaren azken egunean, abenduaren 8an, Joseba Jakaren Oroimenezko VIII. Herri Lasterketa korrituko dute Durangoko kaleetan zehar. Euskarria Kirol Elkarteak antolatzen duen lasterketa urteroko hitzordua bihurtu da. Bidezabal Atletismo Taldea eta Iurretako Txirrindulari Elkartea ere laguntzaile lanetan arituko dira. Lasterketa Ezkurdi plazan hasiko da, 11:45ean, eta zazpi kilometroko ibilbidea izango du. Korrikalariak Galtzareta, Herriko Gudariak eta Zumalakarregi kaleetatik igarota, San Agustinaldera itzuliko dira. Handik San Rokerentza hartu eta Askatasun Etorbidea zeharkatuko dute, Alluitzera iritsi arte. Azken txanpan Estanislao Labairu, Zabalarra eta Zumalakarregi kaleak pasatuko dituzte, Ezkurdi plazan helmugaratu aurretik. Bidezabal taldeko Miguel Angel Munitxak azaldu zuenez, \'\'datorren urtean, trena lurperatuta badago, ibilbidea luzatzen saiatuko gara, 10 kilometrora iritsi arte\'\'. Izan ere, orain trenaren joan etorriek ez diete urteroko ibilbidea aldatzea ahalbidetzen. Herri lasterketaren lehenengo aldiren batean gertatutakoa gogoratu zuen Munitxak: \'\'Trenak pasatu behar zuela eta, korrikalariek zain egon behar izan zuten hesian\'\'. Nagusien lasterketa hasi aurretik gaztetxoenak hasiko dira, ibilbide laburragoan. Benjaminak 10:30ean irtengo dira eta ondoren kimuak, haurrak eta kadeteak. Eskualdeko ikastetxe guztiek parte hartuko dute ekimenean. Parte hartzaileen kopurua hasi egin da urtetik urtera eta aurten 250 bat lagunek izena ematea espero dute. Aurkezpenean azaldu zutenez erdiak baino gehiago Durangaldetik kanpokoak dira. Izen-ematea Garcia Ariño eta Kebi dendetan egin daiteke. Baita lasterketaren egunean bertan, hasi baino ordubete lehenagora arte. Izena aurrez emanda 10 euro da parte hartzea; egunean bertan 12 euro. Parte hartzaile bakoitzak Kukuxumuxuk beren beregi egun horretarako diseinatutako kamiseta jasoko du eta Plateruenean banatuko diren sarien zozketan sartuko da. Iazko aldia Jose Bizkarrak irabazi zuen gizonetan eta Inma Ruizek emakumeetan. Bizkarrak 22 minutu eta 37 segundotan osatu zuen ibilbidea. Bigarren Juan Carlos González helmugaratu zen, irabazlearengandik zazpi segundotara. Ruizek 26 minutu eta 7 segundotan geratu zuen kronometroa. Bigarren Agurtzane Agiarro izan zen minutu eta erdi eskasera.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!