Gotzon Barandiaran Larrabetzun jaio zen 1974an. Euskarak nabarmen astindu du bere bizi-ibilbidea. Irakasle gisa eta kultur sorkuntzaz nahiz hitzen jolasez bete ditu azken lanak. Iaz abiaturiko \'Ahotsenea\' proiektua gorpuzturik datorkigu Azokara.
Durangoko Azokan presente izango zara, oraingoan \'Ahotsenea\' proiektuarekin...
Bai, euskarazko sortzaileen gunea izango da Durangoko Azokan, eta horretan gabiltza buru-belarri. Ahotsenean euskarazko idazle eta musikariek euren lanak aurkeztuko dizkiete entzule eta irakurleei, bertatik bertara. Urteen joan-etorrian, euskarazko literatura eta musikaren garrantzia asko gutxitu den ondorioak eraginda sortu dugu Ahotsenea. Batetik, euskarazkoa ez den musikak eta literaturak eta, bestetik, literaturarekin eta musikarekin zerikusia ez duten proposamenek euskarazkoek baino arreta gehiago erakarri dutela ondorioztatu dugulako sortu dugu Ahotsenea. Guk dakigula, Durangoko Azoka euskal liburu eta diskoen azoka izateko jaio zen.
Oihartzun handiko eta oihartzun gutxiagoko izenak bilduko dira bertan.
Guretzat ospeak ez du ezelako pribilegiorik eman behar, ezin ditugu lehen mailako eta bigarren mailako sortzaileak bereizi. Guretzat denak dira euskarazko sortzaile, eta denek merezi dute lekua Ahotsenean.
Poesia, musika eta letrak uztarturik, zure bizitzako mapa osatu duzu orain arte...
Baina nire bizitzako mapa hori baino askoz zabalagoa eta beteagoa dela esango nuke. Poesia eta musika uztarturik, nire bizitzako une jakin batzuetan, beste batzuekin konpartitu gura ditudan sentimendu eta gogoeta zenbait proposatzen ditut.
Nolakoa da euskal kultura Gotzon Barandiaranen begietara? Eta zer erronka ditu orain euskal kulturak?
Euskarazko kultura eten barik zapaltzen duten kultura espainol, frantses eta anglosaxoiari zelan aurre egin asmatu ezinik dabil. Erresistentzia etenbakoan. Nire aburuz, euskarazko kultura osotzen dugunok irakurketa komunak egin eta irtenbide bateratuak ematen hasi behar dugu.
Sortzaileen munduan gazte belaunaldirik badago Euskal Herrian...
Euskal Herrian beti egongo dira sortzaile gazteak. Gure herria erasotua da, kulturalki zein politikoki. Euskaldun moduan sufritu egiten dugu eta horrek sortzera garamatza, ezinbestean.
Zer behar da sortzaile izateko?
Adierazten duzun hori zure komunitatearekin partekatzeko beharrizana.
Euskal sorkuntzaren erakusleihoa al da Azoka?
Bai horixe, eta garrantzitsuenetakoa, gainera.
Zer ekarpen egiten dio Azokak Euskal Kulturari eta zein ekarpen du egiteke?
Gurea lako kultura gutxiagotuek beroa behar dute, maitatuak sentitu behar dira, baliagarriak direla sinetsi. Euskarazko kulturaren adierazpide batzuen inguruan milaka lagun biltzeko eginkizuna du Azokak, eta aurrerantzean horrela izaten segi beharko luke, batez ere, euskarazkoa denari garrantzia emanda. Gainera, egiten dugunari buruz berba egiteko, galderak egiteko, eztabaidatzeko gune izan liteke, kanpoeder baino, etxean konpondu beharrekoak konpontzeko.