Kultura katalanarekin harremana sendotuz, 44. Euskal Liburu eta Disko Azokan

Anboto 2009ko aza. 21a, 10:19

Kultura katalana da 2009ko azokarako Durangora gonbidatua, eta aurkezpenean herrialde hartako Institut Ramon Llull erakundeko Josep Bargalló zuzendariak nabarmendu du, euskaraz eta katalanezko literaturen harreman sendo baterako lehenengo pausoa dela abenduaren 4tik 8rako ekitaldiekin abiatutakoa.

Landako Elkartegian izan zen eguaztenean, Durangoko Liburu eta Disko Azokaren 44. edizioaren aurkezpena. Euskal kulturaren hitzordu garrantzitsua diruz laguntzen duten erakunde eta babesleak eta Gerediaga elkartearen ordezkariak izan ziren bertan. Josune Ariztondo Bizkaiko Aldundiko kultura sailburuak aurkezpenean nabarmendu zuen, alor askotan egoera ekonomikoaren gogorrak, ?aurrekontu murrizketa\" eragingo duela kultura alorrean, baina Bizkaiko Aldundiak ?euskal kulturaren dinamizatzaile eta integratzaile legez duen garrantzia kontuan hartuta, sekula baino beharrezkoa da Durangoko Azoka?. Jon Irazabal azokako zuzendariak azaldu zuenez, iazko aurrekontuaren parekoa izango du Liburu eta Disko Azokak aurten: milioi erdi euroren ingurukoa.

Kultura kataluniarra da 2009ko azokarako Durangora gonbidatua, eta aurkezpenean herrialde hartako Institut Ramon Llull erakundeko Josep Bargalló zuzendariak nabarmendu zuen, euskaraz eta katalanezko literaturen harreman sendo baterako lehenengo pausoa dela abenduaren 4tik 8rako ekitaldiekin abiatutakoa. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak azpimarratu zuen egitaraua elkarlan horren emaitza izango dela. Hain zuzen, elkarlan horren sinbolo legez, Olmako tximiniaren aldamenean Kataluniako casteller tradizionala eraiki zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko taldeak, prentsaurrekoaren ostean.

Argizaiola omen-saria

Lehenengo andereño guztiei zuzenduta, Ikastolen sortze garaian lanean aritutako bost ordezkarik jasoko dute Argizaiola: Gerediaga elkartearen eta euskal gizartearen gorazarre eta eskertza izateko sortutakoa. Izaskun Arrue (Araba), Libe Goñi (Iparraldea), Izaskun Gastesi (Nafarroa), Karmele Esnal (Gipuzkoa) eta Begoña Aranguren (Bizkaia) izango dira saria jasoko dutenak. Abenduaren 5ean, 20:30etan San Agustin kulturgunean izango da.

AZOKA ZENBAKITAN
292 Stand (14 eskari berri)
308 liburu berri (iaz baino 37 gutxiago)
69 disko berri (iaz baino bost gehiago)

SEI GUNE
-Landakogunea (erakusmahai, nobedade...)
-Ahotsenea (sortzaileen eta publikoaren arteko hartu eman zuzenerako gunea)
-Haur Literatur Aretoa (Berbarok kudeatutako etorkizuneko irakurleen gunea)
-Aurkezpen gunea
-Herria (San Agustin eta Andra Marian izango diren kultur ekitaldiak)
-On-line gunea (www.durangokoazoka.com helbidean, zuzenean emango dituzte azokako ekitaldiak lehenengoz)


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!