“Apurka, ilusio berriak deskubritzen nabil”

Anboto 2009ko aza. 13a, 13:40

Euskalgym09 jaialdia ospatuko dute zapatuan Landako kiroldegian. Gimnasia erritmikoan gaur egun dauden eta izan diren izar handienak gonbidatu dituzte. Almudena Cid etorriko da, besteak beste. Orain urtebete utzi zuen gimnasia. Bere ibilbidearen eta etorkizuneko erronken gainean berba egin dugu.

Durango ezagutzen duzu? Zer erakustaldi eskainiko duzu?
Behin baino gehiagotan egon naiz Durangon. Erakustaldian lau bat minutuko koreografia eskainiko dut, Ortzi Acostagaz batera. Ortzi bost urtean Circo del Sol ikuskizunean ibili da.

Irailean urtebete bete zen erretiroa iragarri zenuenetik. Zertan aldatu da zure bizitza?
Gimnasia alde batera utzita, neure buruaren bila jardun dut urte honetan. Hile gogorrak izan dira, nire bizitzan inportanteenetakoa zen zera falta zaidalako: nire lanbidea; gimnasia erritmikoa. Hala ere, apurka-apurka ilusio berriak izan daitezkeenak aurkitzen nabilela uste dut. Luzaroan nire dedikazioa erabatekoa izan dela konturatu naiz; orain, esaterako, askorendako ohiko diren gauzak egiteko denbora daukat: eguerdietan kafea hartzeko denbora, esaterako. Eta deskubrimenduak balira legez disfrutatzen ditut.

Gimnasta profesional zinenean, helburuak beti finkatuta zenituen. Kostatu egiten da erronka eta helburu berriak aurkitzea?
Bai. Gimnasia utzi aurreko urtean erretiro ondorena prestatzen ibili nintzen, baina gehien kezkatzen ninduena gimnasia nire ibilbide profesionaleko unerik onenean uztea zen. Orain, gimnasiak bete nauen beste beteko nauen zerbaiten bila nabil. Ez dut uste maila bereko ordezkorik aurkituko dudanik, baina badaude erakartzen nauten gauzak: antzezpena, esaterako. Orain film labur batean sartuta nago, eta klaseak hartzen nabil, formakuntza osatzen. Ez dut presarik, urratsak ondo eman gura ditut.

Aspertzeko denborarik, behintzat, ez duzu eduki. Telebistako programetan ikusi zaitugu.
Nire buruari buruzko alderdi berriak ezagutu nituen El Hormigueron. Guerra de sesos saioan, kalean erreportajeak egitea zer lan zaila den deskubritu neban, baina ezin naiz kexatu, jendea ondo portatu zen.

Gimnasta legez zenuen egunerokotasuna faltan botatzen duzu?
Ez. Nire kirol ibilbidearekin oso asebeteta sentitzen naiz. Areago: batzuetan, goizetan esnatzean entrenatzera joan behar dudala uste izaten dut;  ezetz konturatzean, “Uf, ze ondo, gaur ez dut minik edukiko gorputza behartzen ibilita”, esaten dut. Sentitzen dudan bakarra hutsunea da, barru-barruan, asumitu beste erremediorik ez daukadana. Zulo hori ez du gimnasiak beteko, baina bai beste gauza batzuek. Biharko erakustaldiak publikoarekin berriro hartu-emanetan ipintzeko balioko dit, eta hori asko gustatzen zait!

Gazte gaztetatik gogor entrenatu duzu. Ez duzu ohiko nerabezaroa izan.
Nerabezaro diferentea izan da, inork inposatzen ez deutsuna, norberak aukeratzen duena, nahiz eta oso gaztea izan. Gogoan daukat behin paperak nituela ere entrenatzera joan gura nuela, entrenatzailea nitaz harro sentitu zedin gura nuelako.

Lorpenak perspektibaz begiratuta baloratzen ei dira ondoen. Zure lorpenen jabe zara?
Bai. Baietz uste dut, asko kostatu zaidan arren. Bide zaila izan da. Urrats berri bat ematen nuenean banekien askoren erreferente izango nintzela. Norbera izanez, nire modukoa izatea gura zuten gaztetxo denena.

Euskadik harrobi ona dauka gimnasia erritmikoan?
Bihar ikusiko dut Euskalgymen!

Luzaroan entrenatzaile izan duzun Iratxe Aurrekoetxea barik, lortu duzuna lortuko zenduen?
Ez. Nire bizitzako une askotan behar-beharrezko izan dut. Onena hauxe da: ibilbidearen azkenean, biok sentitu dugu gimnasta independientea izatea lortzea, hori… gure lanbideko heldutasunera heltzea izan dela.

Esan egia: gorputzeko hezurrek igartzen dute erretiroa?
Ez pentsatu. Utzi aurretik ere kexatzen ziren!
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!