DRTren garaipenak indarrak hartzeko balio behar du

Anboto 2009ko aza. 13a, 09:49

Durangarrek ez zuten etsi eta egoera beltzen zegoen unean,entsegu bi egin eta partiduari buelta eman zioten (22-21).

Durango Ilarduyak ligako lehenengo hiru partiduak galduta zelairatu zen Arripausuetara joan zen asteburuan. Beraz, Getxoren kontrako norgehiagokak bazuen premiatik apur bat. Gogoa eta borondatea ipini arren partidua aldapa gora jarri zitzaien. Lehia amaitzeko ordulaurdenaren faltan, bederatzi puntu azpitik zihoazen. Durangarrek, ordea, ez zuten etsi eta egoera beltzen zegoen unean,entsegu bi egin eta partiduari buelta eman zioten (22-21).

Hain zuzen, lehia aztertzerako orduan, Aratz Gallastegi entrenatzailea taldeak azken segundora arte erakutsitako fedearekin geratzen da: “Iaz eskatzen nuen konpromisoa lortzen ari gara. Mentalki jarrera ona dugu. Horrela izan da liga hasieratik, nahiz eta emaitzek ez diguten lagundu. Garaipen honek beti azkenera arte lanean jarraitu behar dugula ikusteko balio du”.
Hala ere, Hernaniren, Bartzelonaren eta Universidad de Vigoren kontrako porrotek taldeak zer hobetua baduela erakutsi dute. “Esaterako, Getxoren kontra, aurkarien ostikada luzeetan, baloia hartzen trakets samar ibili ginen. Horrez gainera, jabetza errazegi galtzen dugu eta hankako jokoan ere badugu zer hobetua”.

Asteburuan hirugarren dagoen Barcelona Universotarioren kontra jokatuko dute kanpoan.
Maila bat beherago ere  DRTk partidu zaila du Gaztedi bigarren sailkatuaren zelaian. Elorriok partidu samurragoa du Universidad de Cantabriaren aurka. Azkenik emakumeek Gaztedi izango dute aurkari. Partidu horretan lidertza dago jokoan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!