Abenduaren 4tik 8ra arte, Durangoko Liburu eta Disko Azokaren egunetan Durangoko Merkatuan izango den Euskal Denda artisautza azoka iragartzen duen kartela aurkeztu dute antolatzaileek. Arbaso artisauen elkarteko kideek azaldu dutenez, irudi soilaren aldeko apustua egin dute azokaren kartelarekin: 14. Euskal Denda hizkiak nabarmentzen ditu kartelak. “Xumea baina aldi berean zuzena” dela kartela nabarmendu nahi izan dute Euskal Dendaren antolatzaileek.
Euskal Herriko artisauen azken hamalau urteetako hutsegin ezineko Durangoko Merkatu plazako hitzorduan, 65 erakusle izango direla aurreratu dute irudia aurkeztearekin batera. Gainera aurten inoiz baino ikusgarriagoa izango omen da azoka, Merkatu plazan konponketak burutu dituztelako. Azokan parte hartuko dutenetatik, bederatzik lehenengoz hartuko dutela parte azpimarratu dute aurkezpenean: bitxiak egiten dituen Berrizko NK dendak ere bere espazioa izango du Durangoko Euskal Dendan.
Saskigintza
Abenduaren 4tik 8ra arteko azokaren berritasunen artean Galizia, Euskal Herria eta Katalunian saskigintza lantzen duten artisauen Galeusca topaketa antolatu dutela lehenengoz azpimarratu dute: zazpi saskigile bertaratuko dira, eta saskigintzako ehun piezarekin erakusketa ikusgai izango da Merkatu plazan.
Arbaso elkarteak eskaintzen duen Artetsu Bizi Osoa saria, artisau lanean 75 daramatzan Juan Unzueta durangarrari emango diote aurten. Gaztaina zurarekin saskiak egiten ditu 85 urteko artisauak, eta Euskal Denda 2009-ren egunetan omenaldi handia egin gura diotela azpimarratu dute antolatzaileek.