Sailkapenean behe samarrean kokatuta dagoen arren, ezin daiteke esan Kulturala oro har itxura txarra eskaintzen dabilenik. Axier Intxaurragak argi utzi zuen, liga hasi aurretik, bere taldea aurkariaren bila irtengo zela beti, etxean zein kanpoan jokatu. Horrela planteatu ditu partiduak orain arte. Ausardia ondo neurtu dute jokalariek, eta hainbat partidu itxuroso jokatu dituzte.
Baina sailkapenari begiratuz gero, ez da joera on hori ageri. Zergatik? Opari lartxo egin dituztelako: “Behin baino gehiagotan gertatu zaigu partidu osoan aurkaria baino hobeto jokatu, eta 10 minutu txarrengatik galtzea. Erregalu gehiegi egin dugu”, uste du Intxaurraga entrenatzaileak. Joan zen astean Portugaleten horixe gertatu zitzaien. Bigarren zatiko lehen ordulaurdenean Portugaletek gol bi sartu zituen, eta Kulturalak partiduaren hondarrean lortu zuen lehia osoan etengabe bilatutako berdinketa: “Partidua zelan joan zen kontuan hartuta emaitza ona da, baina irabaztea merezi genuen”.
Bihar Amurriok bisitatuko du Tabira. Intxaurraga seguru dago “play-offerako borrokan” ibiliko direla, “esperientzia handiko jokalariak dituztelako”. Beraz, hauei “ezin dakieke oparirik egin, ez aurrean ez atzean”. Gainerakoan, ez du orain arteko bidea aldatzeko beharrik ikusten: “Sailkapenak ez du islatzen zelaian erakutsi duguna. Sentzazioak onak dira, eta gustura nago taldearen jokoagaz”. Jokoa nahiko konstantea bada, etxean zein kanpoan jokatu, ezin daiteke beste hainbeste esan emaitzei buruz. Tabiran oraindik ez dute partidurik galdu —garaipen bi eta hiru berdinketa—, baina kanpoan berdinketa bi bakarrik lortu dituzte.
Aurten, orain arte, Kulturala zorte ona izaten ari da lesioekin, eta biharko talde ia osoa jokatzeko moduan egongo da. Lander Bereziartua da salbuespena; zaintiratua du eta ez da astebururako errekuperatuko.