
“Egitarau zabal, aberats eta kalitatezkoa” osatu dutela nabarmendu zuen Balier zinegotziak, eta hiru ikuskizun Euskal Herrian lehenengoz, San Agustinen estreinatuko direla urteko azken hiruhileko honetan. Jose Ramon Soroiz eta Joseba Apaolaza aktoreek urriaren 15ean egingo duten Aitarekin Bidaian, eta Glu Glu ekoiztetxearen Anbotoko Mari eta orrazi galdua dira estreinaldietako bi.
Soiltasunez
Irailean bertan izango da San Agustingo hirugarren estreinaldia: Durangoko La Papa antzerki taldearen Rosas Rojas antzezlana. Irailaren 26an, 20:00etan aurkeztuko dute Ricardo Combi zuzendariak eta antzezlanaren hiru aktoreek, azken bi urteetan lantzen jardun duten lana.
Bikote baten maitasun istorioa tratu txarren zuloan zelan jausten den erakusten du antzezlanak, Combi zuzendariaren berbetan, “tratu txar psikologiko zein fisikoak gertatzeko, harreman batean agertzen diren argi gorriak sumatzen joan dadila ikuslea, eta arazo sozial horri buruz gogoeta egin dezala”, lortu nahi genuke Rosas Rojas lanaren bitartez.
Bestalde, lehenago Geroa antzerki taldean elkarrekin arituako Rosa Martinez-Alcocer eta Izaskun Asua aktoreak berriro oholtza berean ikusteko aukera ere bada Irailaren 26ko San Agustingo emanaldikoa. Halako gai korapilatsua, “soiltasunez” landu eta idazteko Combi zuzendariaren gaitasuna nabarmendu dute antzezlaneko protagonista diren biek.